Berriak
Atzealdea

Ondorengotzari buruzko prestakuntza eta aholkularitza eskualdeko pertsona ekintzaile eta enpresari txikientzat

Ondorengotza gaiaren alorrean prestakuntza eta banakako aholkularitza eskainiko zaie epe motz-ertainean egoera horretan aurkitu daitezkeen eskualdeko negozio jabeei.

2020·01·17


Urola Kostako Udal Elkarteko Enpresentzako Zerbitzuen baitan, ekimen berri bat abiatuko da datozen hilabeteetan. Hain zuzen ere, ondorengotza gaiaren alorrean prestakuntza eta banakako aholkularitza eskainiko zaie epe motz-ertainean egoera horretan aurkitu daitezkeen eskualdeko negozio jabeei. Eskualdeko enpresa eta negozio bideragarrietako titularren erretiroak direla eta,  negozio horiek ixtea ekidin nahi da, horrek eragingo lituzkeen aberastasun eta enplegu galerak saihesteko. 

Proiektuaren helburu nagusia da eskualdeko enpresei negozioen ondorengotzari buruzko prestakuntza eta aholkularitza eskaintzea. Hona hemen ekimenarekin lortu nahi diren helburu zehatzak:

  • Jubilazioari dagokion Araudia ezagutzea: erretiro adina, kotizazioak, prestazioak, jubilazio aktiboa eta aurre-jubilazioa.
  • Ondorengotza kasuetan kontuan hartu beharreko alderdiak ezagutzea.
  • Ondorengotza prozesuak aurrez behar bezala planifikatzeko, kontuan hartu beharreko ezagutzetan sakontzea.

Ekimena bi talde-prestakuntza saiorekin abiatuko da; goizez, 09:30etik aurrera, Urola Kostako Udal Elkartearen egoitza nagusian. Lehenengo saioa 3 ordukoa izango da, urtarrilaren 29an; bigarrena, 4 ordukoa, otsailaren 5ean egingo da.

Prestakuntza saioen ondoren, banakako tutoretza saioak egingo dira, bi fasetan. Lehendabizi, enpresen diagnostiko laburra landuko da, enpresa bakoitzaren ondorengotza-aukerak aztertzeko. Azkenik, lanketa horietatik abiatuta eta banakako aholkularitza bidez, banan-bana ondorengo alderdiak jorratzeko aukera izango da:

  • Enpresaren balorazio ekonomikoa
  • Enpresaren azterketa juridikoa
  • Ondorengotzari buruzko gomendioa

Ekimenean eskualdeko enpresa txikien (0-10 langile) jabeek, edota eskualdatze prozesuren batean murgilduta dauden eskualdeko ekintzaileek parte hartu ahal izango dute.

Argibideak eta izen- ematea:

Informazio gehiago jasotzeko, edota ekimenean izena emateko, idatzi iezaguzu e-mail bat edo jarri harremanetan telefono bidez:

Enpresentzako Zerbitzuak (Eli Uzkudun, Aintzane Ruesgas)

  • enpresa@urolakosta.eus
  • Tel. 943890808