Hazilan proiektua eskualdeko gazte kualifikatu langabeak eta eskualdeko enpresak uztartuko dituen ekimena da.
Helburua
Gure helburua da:
- Goi mailako ikasketak dituzten eta lanik gabe dauden gazteei zeharkako konpetentzietan prestakuntza ematea.
- Proiektu bat bideratu nahi duten enpresatan gazte horiek txertatzea, hainbat eratara (praktikak, lanpostuan bertan prestakuntza, proiektu berriak...).
Horrekin lortu nahi dugu: gazteen laneratzeko aukerak hobetzea eta enpresek dituzten beharrei erantzutea.
Gazteei eta enpresei tutoretza bidezko jarraipen eta laguntza zerbitzu zehatza eskainiko zaie, proiektua bideratzeko.
Erlazionatutako informazioa
Programa operatiboa 2014-2020
Hazilan proiektuak 5 urteko iraupena izango du (2016an hasi eta 2020an amaituko da). Proiektu hori Garapen Elkarteak (Garapen Agentzien Euskal Elkarteak) koordinatuko du eta 20 garapen agentziak hartuko dute parte, tartean Urola Kostako Udal Elkarteak.
Proiektuaren %50 Europako Gizarte Funtsak (EGIF) finantzatuko du eta beste %50 garapen agentzia bakoitzak (gure kasuan Urola Kostako Udal Elkarteak). Proiektuaren 5 urteko aurrekontu osoa (20 garapen agentziena) 6.000.000,00 eurokoa da eta gure eskualdeko proiektuarena 318.000,00 eurokoa. Hazilan proiektuaren helburua da 20 eskualde horietan 5.000 lanpostu sortzea, horien %55 emakumeentzat.
Gazteak, enpresak
20-44 urteko gazteen langabezia datuak
Lanbiden inskribatuta dauden lan eskatzaile langabetuen 2015eko abenduko datuek erakusten dutenez, eskualdean 2.301 pertsona daude langabezian. Horien %14, hau da, 326 pertsona, 20-44 urteko gazteak dira, lanbide heziketako goi zikloa edo unibertsitate ikasketak eginak dituztenak. Generoari erreparatzen badiogu, 326 pertsona horietatik 136 gizonezkoak dira eta 190 emakumezkoak.
20-44 urte bitarteko 326 pertsona horien laneratzeko aukerak hobetu nahi ditugu, arreta berezia eskainiz emakumeei. Hori da Hazilan proiektuaren erronka.
Gazte kualifikatuak laneratu eta enpresen beharrei erantzun
Lanbide Heziketako eta unibertsitateko ikasketak egin dituzten gazte askok zailtasunak dituzte beren esparruko ikasketekin lotutako lanpostuetan laneratzeko. Sarri oso epe laburreko lanpostuak eskuratzen dituzte, jarraipenik gabe, eta lan-merkatuan sartu eta irten dabiltza. Gazte horien prestakuntza teknikoa eta akademikoa goi mailakoa da, baina laneratzeko, lan ibilbidean arrakasta izateko eta lanean eraginkorrak izateko ezinbestekoa dute zeharkako konpetentziak lantzea: komunikazio gaitasuna, proiektuak kudeatzeko gaitasuna, lantaldeak kudeatzeko gaitasuna...
Era berean, enpresek zailtasunak dituzte eguneroko lan martxarekin proiektu berriak edo berrikuntzak egiteko. Mahai gainean dituzte hainbat ideia, asmo eta proiektu, baina ezin ekin. Enpresek prestakuntza tekniko eta akademiko egokia duten langileak behar dituzte, baina, baita ere, gero eta gehiago, gorago aipatutako zeharkako konpetentziak dituztenak.
Faseak
Parte-hartzaileen eta enpresa-proiektuen ezaugarrietara era malguan egokituta dauden lau faseko ibilbide bat proposatzen du Hazi proiektuak: Aktibatu, Kokatu, Lanekin eta Talentu Ihesa.
- Aktibatu: pertsona kualifikatuak aktibatzea
Ibilbidearen hasiera da, laneratzeko laguntza-prozesuaren hasiera. Konpetentzia pertsonalak eta profesionalak (motibazioa, ekimena, komunikazioa, talde-lana…) lantzeko prestakuntza pertsonalizatua eskaintzen du. Helburua pertsona kualifikatuen gaitasunak aktibatzea eta pertsona horiek proiekturako prestatzea da. Horretarako, parte-hartzaileek coach baten laguntza jasoko dute.
- Lanekin: lanpostuko prestakuntza
Fase honen helburua da pertsona kualifikatuek kontratazio-premiak dituzten enpresetan lanpostu jakin baterako prestakuntza espezializatua jasotzea. Era horretan, pertsona horiek enpresan bertan laneratuko dira. Enpresak, nolanahi ere, instruktore bat izendatuko du prestakuntza ikuskatzeko eta parte-hartzailea bere testuinguruan kokatzeko.
- Kokatu: praktikak enpresan
Helburua da parte-hartzaileek beren lanbide-profilaren araberako esperientzia erreala eskuratzea. Baliabide honen bidez, ikaskuntza praktikoko egonaldiak egingo dira enpresetan. Enpresako tutore batek praktikak zuzendu eta laguntza emango du.
- Talentu Ihesa: talentua eta proiektuak enpresan
Helburua da lanbide-gaitasuna hobetzea. Horretarako, enplegua sortuko duten enpresa-proiektuak abian jartzen parte hartuko da, jarduera berrien garapenean interesa duten enpresetan. Proiektuak lotura izango dute, ahal dela, nazioartekotzearekin, berrikuntzarekin edo teknologia berriekin.
Aurreko edizioak
Aurreko edizioetan zehar, guztira,150 pertsonek parte hartu dute.
Lehendabizi konpetentzia sozioprofesionalak landu dituzte eta, ondoren, enpresetan laneratzeko prozesuak egin dituzte (praktikak, prestakuntza lanpostuan…), eskualdeko nahiz Gipuzkoako beste eskualde batzuetako enpresetan. Honako enpresa hauek parte hartu dute lehen hiru edizioetan:
- Pavitec 2000 SLU,
- Ongi Mecanizados en Madera SL
- Aner Sistemas Informáticos
- Artelatz Ingurugiro Zerbitzuak S.L.
- Ad hoc centro de comunicación y marketing SL
- Dulces Reineta, S.L.
- Arktelier, arkitektura estudioa
- Xare
- Otzarreta Communicación, S.A.
- Eraman SL
- Ortzadar ikastetxea
- Kalexka
- Begi-bistan, Turismo Zerbitzuak
- LKS Ingenieria S.COOP
- Lombok Design SL
- Euskampus Fundazioa
- Emaus Fundación Social
- Gurutze Gorria
- SOLDIMES Máquinas para Soldadura S.L.
- Gipuzkoako Urak SA
- SOS Arrazakeria Elkartea
- MettaCarbon bikes
- Cafeteria Euromar
- Electro Talleres Zarauz, SA (JOLAS)
- Coprein SL
- Ardantzabide altzariak SL
- Kiba Lorezaintza
- Atzegi
- Artadi Alimentación SL
- Gureak Lanean SA
- Industrias Auxiliares SAU
- Basobeltz SC
- Calderería Plástica URSA S.L.
- Hontza Psicología
- Experientziak
- Arazi IKT S.L.
- Dhemen Design S.L.
- Gonzmar Ingeniería y Construcción
-
Aquarium Donostia
11.edizioa
Hamargarren edizioa 2021eko urtarrilean hasi eta 2021eko martxoan amaituko da.
Programak hiru fase edo atal izango ditu:
- AKTIBATU fasea (80 ordu): prestakuntza
Zeharkako konpetentziak landuko dira bizipen-prestakuntza pertsonalizatua eta integrala eskainiz.
- Egutegia eta ordutegia:
- Noiz: 2021eko urtarrilaren 25etik martxoaren 11ra bitartean.
- Egunak: astelehenetik ostegunera (09:30etik 13:30era).
- PRESTATU fasea (24 ordu online): Nire marketina sareetan
Helburu orokorra da, teknologia berriek eskaintzen dituzten aukerak baliatuz, sarean norberaren marketing-a egiteko gakoak ezagutzea.
- Egutegia eta ordutegia:
- Noiz: 2021eko urtarrilaren 29tik martxoaren 5era bitartean.
- Egunak: ostiraletan 09:30etik 13:30era.
- KOKATU fasea (200 ordu): praktikak enpresetan
Lanbide-profilaren arabera, benetako lan esperientzia lortuko da.
- Egutegia eta ordutegia:
- Noiz: 2021eko martxotik 2021eko maiatzera bitartean.
- Egunak: astelehenetik ostiralera, gehienez ere 6 orduko lanaldia
Argibideak jasotzeko
Urola Kostako Udal Elkartea
Dagoeneko zabalik dago izen-ematea. Plaza kopurua mugatua da (14 partaide, gehienez). Pertsona gehiagok izen emango balute, hautaketa prozesua egingo da.
Izena emateko orria eskura dago Udal Elkartearen egoitza elektronikoan:
Tramitazioa elektronikoa egin ezin dutenek, egoitzan elektronikoan dokumentua deskargatu, bete eta Udal Elkarteko egoitzara bertaratu beharko dute.
- Vanessa Garcia, Laneratzeko Zerbitzuak, hazilan@urolakosta.eus
- Tel. 943 890808
- Urdaneta bidea 6, 20800 Zarautz