Noticias
Atrás

Topaguneak eta Urola Kostako Udal Elkarteak euskararen normalizazioa sustatzeko lankidetza-hitzarmena sinatu dute

Hitzarmenaren baitan, hiru pertsona kontratatu dira eskualdean Euskaraldiaren 3. edizioa dinamizatzeko

01·04·2022


Agerraldia egin da gaur goizean (apirilak 1), Getariako udaletxean, Urola Kostako Udal Elkarteak eta Topagunea Euskara Elkarteen Federazioak Euskaraldiaren 3. edizioaren harira sinatu berri duten lankidetza-hitzarmenaren berri emateko.

Hitzarmenaren nondik norako guztiak azaltzearekin batera, eskualdeko eragileen arteko elkarlana azpimarratu dute ordezkariek eta hitzarmenaren baitan, eskualde mailan egitasmoa dinamizatzeko hiru pertsona kontratatu direla jakinarazi dute. Hain zuzen ere, prentsaren aurrean azaldu dira Haritz Alberdi Getariako alkatea, Lourdes Salsamendi Urola Kostako Udal Elkartea, Topaguneako lehendakari Kike Amonarriz eta Euskaraldiaren datorren edizioan Urola Kosta eskualdeko dinamizazioan ariko diren hiru gazteak, alegia: Peru Tolosa (Getaria-Zumaiako dinamizatzailea), Eder Iturralde (Zarauzko dinamizatzailea) eta Miriam Garcia (Aia-Orioko dinamizatzailea).

Hitzarmenaren muina da euskararen normalizazio bidean urrats bat gehiago ematea. Eta horretarako, lankidetza, herritar nahiz eragile guztien konpromisoa eta erakundeen babesa ezinbestekotzat jo dituzte arduradunek.

Etorkizuna euskaraz dator

Duela egun batzuk argitaratu dira Getariako kale erabileraren datuak eta “kezkaz” hitz egin du Haritz Alberdi Getariako alkateak: “Kezka handia dugu emaitzekin: kalean ehuneko zortziko jaitsiera izan du euskararen erabilerak; hau da, euskara gutxiago entzuten da Getarian duela bi urte baino”.

Egoera iraultzen hasteko Euskaraldia “aukera polita” izan litekela adierazi du Alberdik: “nahiko genuke Euskaraldia balio izatea euskararen aldeko hizkuntza ohiturak indartzeko eta euskaraz hitz egiten hasteko ohitura berriak sustatzeko. Espero dugu hemendik hilabete batzuetara kalean eragina izatea, eta euskara gehiago entzutea”.  Zentzu horretan, baikor eta itxaropentsu, “etorkizuna euskaraz dator” adierazi du Alberdik. Eta horretarako haurren erabilerari erreparatu nahi izan dio:  “haurren %80k baino gehiagok euskaraz hitz egiten dute kaleetan, eta, gainera, gero eta gehiago dira euskaraz aritzen diren haurrak. Etorkizuna haur horiena da, etorkizuna euskaldun horiena da”.

Konpromisoa eta elkarlana

Ildo beretik hitz egin du Urola Kostako Udal Elkarteko lehendakariak ere. Lourdes Salsamendik adierazi duenez, “etorkizun euskaldunago bat lortzeko bidean, ezinbestekoa da euskararen aldekotasunetik konpromisora jauzi egitea” eta zentzu horretan mugarritzat jo du Euskaraldiaren 3. edizioa.  

Euskararen biziberritzean eragiteko asmoz, Udal Elkarteak eta eskualdeko bost udalek modu aktiboan parte hartu izan dute Euskaraldiaren aurreko bi edizioetan ere eta hasiera-hasieratik Topagunearen alboan egindako bidea balioan jarri nahi izan du Salsamendik: “2. ediziorako ere hitzarmena sinatu genuen Topagunearekin. Elkarlanak emaitza oparoak eman ditu; balorazioa oso positiboa da eta bide horretatik jarraitzeko apustua egin dugu 3. edizio honetan ere”.

Aurtengoan ere lankidetza hitzarmena sinatu du Urola Kostako Udal Elkarteak Euskaltzaleen Topagunearekin. Elkarlanaren muina da euskararen normalizazio bidean urrats bat gehiago ematea eta Urola Kosta eskualdean proiektua dinamizatzeko Topaguneak 3 langile kontratatzea ahalbidetu du hitzarmenak. “Hiru dinamizatzaileen kontratazioen bidez, eskualde mailako koordinazioa areagotuko dugu, herrien arteko sinergiak aprobetxatzeko bideak eraikiko ditugu eta dauzkagun baliabideak optimizatuko ditugu” azaldu du Lourdes Salsamendik.

Eskualdeko eragile eta herritar guztiei aurtengo Euskaraldian modu aktiboan parte hartzeko deia luzatu die Salsamendik. Euskararen alde hizkuntza ohiturak aldatzeko edo indartzeko “denon konpromisoa” ezinbestekoa dela gogorarazi du eta “herri batzordeekin elkarlan estuan” aritzearekin batera, “lehendik eraikitako euskaldunen eta euskaltzaleen sareak trinkotzeko” borondatea berretsi du.

Euskaltzaleen Topaguneko presidente Kike Amonarrizek Euskaraldian herri batzordeek duten garrantzia azpimarratu du; eta, Urola Kostan bezala, Euskal Herri osoan batzordeak aktibatzen hasi direla jakinarazi. “Euskaraldia posible da ehunka boluntario horiek egiten duten lanari esker” azpimarratu nahi izan du Amonarrizek.

Horrekin batera, aurreko bi edizioetan, “Euskaraldia tresna baliagarria” dela agerian geratu izana nabarmendu nahi izan du. Amonarrizen hitzetan, lehen edizioak erabileran eragiteko gaitasuna erakutsi zuen eta hizkuntza jokaera berriak finkatu zituen. Bigarrenak, berriz, euskara agenda sozialean sartzea lortu zuen eta entitateen garrantziaz jabetzeko balio izan zuen.

Hitzez ekiteko garaia

Hirugarren edizioa azaroaren 18tik abenduaren 2ra izango da. “Aurten, bereziki, Euskaraldiaren eraginkortasunean sakontzera goaz eta hizkuntza ohiturak goitik behera astintzera. Aurtengoa hitzaren eta ekintzaren urtea izatea nahi dugu”, nabarmendu du Topaguneko presidenteak. Horretarako, herritar gehiagorengana heltzeko zein arigune gehiago aktibatzeko lan egingo dutela adierazi du.

Ariketaren eragina ahalik eta sakonena izateko, berriz, norabide bikoitzean jokatuko dutela azaldu du: alde batetik, aurreko bi edizioetan herritarrek Euskaraldiaren baitan izandako lorpenak bistaratzeko ahalegin berezia egingo dute.  Beste alde batetik, urrats berriak emateko gonbitea luzatuko diete ahobizi eta belarriprest guztiei. “Parte-hartzaileak motibatu eta aktibatzeko, eta haietako bakoitza aldaketarako agente bihurtzeko, bide eraginkorra izango dela uste dugu bakoitzak bere buruari helburu zehatz bat jarri eta betetzen saiatzea”, azpimarratu du. “Aurtengo leloarekin bat eginez, iritsi da hitzez ekiteko garaia”.

Hasi berria den Korrikaren ondoren jasoko du lekukoa Euskaraldiak, eta gogotsu ekingo diote prestaketa lanari. Horrela, maiatzetik aurrera, entitateen izen-ematea zabalduko da, Euskaraldiaren presentzia herri eta hirietako kaleetan zabalduko da eta ariketari lotutako ekimenak antolatuko dira hainbat herritan. Amaitu aurretik, Euskaraldia bezalako ekimen baten lankidetzak duen bereziko garrantzia gogorarazi nahi izan du eta Euskaraldian parte hartzeko deia luzatu die herritar guztiei: bai belarriprest edo ahobizi moduan, baina baita batzordeetako kide moduan ere.