Mintzalagun programa
Mintzalagun programa
Mintzalagun programa: zer da?
Mintzalagun Programak euskaraz dakiten pertsonak (bidelagunak, euskaldun zaharrak) euskara ikasten ari direnekin (bidelariekin, euskaldun berriekin) elkartzen ditu astean ordubetez euskaraz hitz egin dezaten. Zer lortzen dugu:
- Bidelariak, euskaldun berriak: euskaraz hitz egiteko aukera du, bertako hizkera ezagutu eta ikasteko; jendea ezagutzeko eta euskaraz aritzeko harreman-sarea zabaltzeko aukera du.
- Bidelagunak, euskaldun zaharrak: euskaldun berriei lagundu, bertako hizkera erakutsi, egiten ari diren ahalegina saritu eta aitortu...
2009an hasi ginen
2009an ekin genion Mintzalagun Programari. Ekimena Urola Kostako Udal Elkartearena eta eskualdeko udalena da. Programa antolatzen eta jarraipena egiten parte hartzen dute Urola Kostako AEKk, Zarauzko Udal Euskaltegiak eta udaletako eta Udal Elkarteko euskara zerbitzuek. Programa dinamizatzeko lanak Urola Kostako AEKk egiten ditu.
Programaren bilakaera ona izan da eta partehartzaile kopuruak gora egin du. 2009an 41 mintzakiderekin hasi ginen eta azken urteotan urtero 20 talde inguru eta 75-80 pertsonak hartu dute parte.
2017-18 ikasturtea
2017-18 ikasturtea martxan dago. 17 talde osatu dira guztira eta 70 mintzalagun inguru ari dira astero elkartzen, euskaraz aritzeko.
Ikasturte hasierako ekitaldia azaroaren 9an egin genuen, Orioko Kultur Etxean eta 40 mintzalagun inguru elkartu ginen. Santi Antero Txan Magoaren emanaldia ikusi ("Inpernutik natorren artista bat naiz ni") eta modakutxo bat janez berriketan aritu ziren.
Ikasturtean zehar hainat zozketa egingo ditugu mintzalagunen artean, eskualdean antolatzen diren euskarazko ekitaldi, antzerki eta emanaldietara joateko. Tailer eta irteera batzuk ere antolatuko ditugu ikasturtean zehar.
- Astean behin. Mintzalagunak astero elkartzen dira, euskaraz aritzeko. Taldeko kideek eguna eta ordua erabaki eta adostu eta ordubete edo orduterdi aritzen dira euskaraz.
- Gaia taldekideek erabakitzen dute, beren zaletasun eta interesen arabera.
- Non elkartu eta zer egin ere bai (paseo bat eman, kafe bat hartu...).
- Osatzeko, ikasturte hasieran eta amaieran ekitaldi bana egiten dugu (hitzaldi, diaporama, ipuin emanaldia…). Horrekin batera, irteerak, topaketak, eskualdeko kultur emanaldietara joateko sarrerak…
Argibideak eta izen-ematea
Mintzalagun programan parte hartu nahi baduzu, jarri gurekin harremanetan.
Urola Kostako Udal Elkartea
Udaletako Euskara Zerbitzuak
Urola Kostako AEK euskaltegia
Zarauzko Udal Euskaltegia
- Telefonoz: 625 485 215
- Emailez: urolakosta@aek.org
- http://mintzalagun.blogspot.com.es/
- Facebook: mintzalagunak gara