Nuevo servicio de recogida de residuos en el 2018

Nuevo servicio de recogida de residuos en el 2018

Urola Kostako Udal Elkarteak hondakinak gaika biltzeko zerbitzuak kudeatzen ditu (papera, ontzi arinak, beira, biohondakinak, arropa…), baina errefusa ez, izan ere errefusa jasotzeko zerbitzua udalek kudeatzen dute (Aia, Getaria, Orio, Zarautz eta Zumaiak, bakoitzak bere zerbitzua).

Hori, ordea, aldatzera doa, izan ere, 2016ko abenduaren 1eko bilkuran Urola Kostako Udal Elkarteko Zuzendaritza Batzordeak aho batez zabor bilketa zerbitzua mankomunatzeko akordioa onartu zuen. Akordio horren arabera, bost udalerrietako etxeko hondakinak (errefusa barne) Udal Elkarteak jaso eta kudeatuko ditu.

Akordio horrek, zabor bilketa zerbitzu osoa Udal Elkartetik kudeatzea onartzeaz gain, hondakinak gaika biltzeko zerbitzu berriaren oinarriak onartu eta zehaztu ditu.

Akordioa laburbilduta: sistema nolakoa

  • Etxeko hondakinen bilketa: bost edukiontzi bidezko bilketa: errefusa, organikoa, papera-kartoia, ontzi arinak eta beira. Errefusa eta organikoaren edukiontziek erabilera mugatua izango dute, hau da, txartel magnetikoaren bidez irekiko dira. Beste edukiontzien kasuan, gaur egungo sistemarekin jarraituko dugu.
  • Komertzioak eta ostalaritza: sortzaile handi eta ertainei gaikako bilketa zerbitzua eskainiko zaie, puntuz puntu, honako frakzioak jasotzeko: organikoa, papera-kartoia eta errefusa. Komertzioei astean sei egunez eskainiko zaie zerbitzua eta ostalariei zazpi egunez.
  • Enpresak: industrialdeetan puntuz puntu bilduko dira honako frakzioak: organikoa, errefusa, ontzi arinak, egurra, kartoia eta plastiko filma/poliespana. Jantokia duten enpresei hondakin organikoen sortzaile handiei aplikatzen zaien puntuz puntuko bilketa aplikatuko zaie.
  • Landa eremuari dagokionez, ekarpen gune berriak sortuko dira edukiontzi guztiekin.
  • Bilketa sistema berri honek gutxieneko bilketa tasak hauek lortzeko bide izan behar du, urtez urte honela banatuta: 2018an %60, 2019an %60-70; eta 2020an %70-75.
  • Hondakinak gaika bereiztu eta sailkatzea betebehar bat da herritar ororentzat.
  • Sistema berria ezartzeko lanak egiteko, informazioa zabaltzeko eta sentsibilizazio kanpainak burutzeko, lau hezitzaile kontratatzea aurreikusten da: bi 2017ko ekainean kontratatuko lirateke eta beste biak 2017ko irailean. Hezitzaile horien lan eta eginkizuna izango da, besteak beste, herritarrak sentsibilizatzea, gune “ilunak” identifikatzea eta erabiltzaileei zuzenean ohartarazpenak egitea.
  • Zerbitzu berria 2018ko urtarrilaren 1ean martxan jartzea aurreikusten da.

2017an zehar prestaketa lanak

Udal Elkartea zerbitzu berria martxan jartzeko prestaketa lanak egiten ari da 2017an zehar.

Alde batetik, Udal Elkartearen Estatutuak aldatzeko espedientea bideratzen ari da. Beste alde batetik, zerbitzu berriaren kontratua esleitzeko lehiaketa egiten ari da. Ikus hemen. Horrekin batera, zerbitzu berria ezartzeko komunikazio-lanak eta baliabideak prestatzen ari da.

Proiektuaren abantailak

Zabor bilketa zerbitzua mankomunatzeak eta hondakinak biltzeko ezarriko den sistemak abantaila nagusi hauek ditu:

  • Zabor bilketa osorik mankomunatzearekin (gaikako bilketak eta errefusa Udal Elkarteak kudeatzearekin) baliabideak optimizatuko dira eta zerbitzu bera eskainiko da eskualde osoan.
  • Hondakinak gaika biltzeko indizea igotzea lortuko dugu, gaur egungo %40tik %75-80ra.
  • Errefusa gutxitzearekin tratamendu kostuak murriztu egingo dira.
  • Herritarrek eskura izango dituzte edukiontzi guztiak egunero, 24 orduz.
  • Zerbitzu hobea eskainiko zaie merkatari, ostalari eta enpresei (frakzio gehiago eta puntuz puntu).
  • Landa eremuan birziklatzeko aukera handiagoa izango da.
  • Behar diren baliabideak jarriko dira herritarrei behar den informazio eta laguntza emateko eta, horren bidez, elkarrekin, proiektuaren helburu nagusia lortzeko, hondakinen %75-80 gaika biltzea, gero birziklatu ahal izateko.