Eduki publikatzailea

Atzealdea 'BertanIn' ekimena sortu da Urola Kostako enpresa txiki eta ertainei talentua erakartzen laguntzeko

2
Eskualdeko 30 enpresa baino gehiago daude talentu kualifikatua erakarri eta atxiki nahi duen ekimen berritzaile honetan.

2024·11·04


Urola Kostako Udal Elkarteak 'BertanIn' proiektua abiarazi du, eskualdeko enpresa txiki eta ertainei (ETEak) zuzenduta, tokiko talentua erakartzeko eta mantentzeko gaitasuna indartzeko helburuarekin. Ekimenak Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesa du, eta Urola Kostako enpresak lehiakorragoak eta talentu kualifikatuarentzat erakargarriagoak izatea du helburu.

Gaur egun, enpresek gaitasun handiko eta berrikuntzara bideratutako langileak izateko premia gero eta handiagoari egin behar diote aurre. Hala ere, talentu horri eustea erronka bat da, batez ere ETEentzat. Testuinguru horretan, 'BertanIn' -ek aukera paregabea eskaintzen du parte hartzen duten enpresek beren posizionamendua hobetzeko eta lantoki erakargarriagoak bihurtzeko.

Orain arte, eskualdeko 30 enpresa baino gehiagok hartu dute parte ekimen horretan, eta guztietara bisitak egin dira egoeraren lanketa egin eta hobekuntzak identifikatzeko. 'BertanIn' en parte hartzeko prozesua erraza da eta enpresen denbora mugetara egokitzeko diseinatuta dago. Faseak hauek dira:

  • Hasierako diagnostikoa: 45 minutuko bisita enpresan, hobetu beharreko arloak identifikatzeko.
  • Hobekuntza-plana: ekimenean parte hartu duten enpresetatik bost aukeratuko dira eta gomendioetan sakontzeko bi orduko bi saio eskainiko zaizkie.  

Ekimen honi esker, enpresek talentua erakartzeko gaitasuna hobetzeaz gain, langile kualifikatuenak atxiki ditzakete, merkatuan duten lehiakortasuna handituz.

Urola Kostako Udal Elkarteak interesa duten eskualdeko ETE guztiak animatu nahi ditu horretara, izan ere, erakundearen iritziz, aukera paregabea da enpresek talentua erakartzeko duten gaitasuna hobetzeko eta eskualdeko hazkunde ekonomikoan laguntzen jarraitzeko. Ekimenaren hurrengo edizioan parte hartu nahi duten enpresek galdetegi hau bete beharko dute: https://form.jotform.com/242702145868359

Informazio gehiago nahi izanez gero, interesa duten enpresak Urola Kostako Udal Elkartearekin harremanetan jar daitezke, ohiko bideak erabiliz: enpresa@urolakosta.eus / 943 89 08 08/ @urolakosta_

1 2