Berriak
Atzealdea

“Nire Aukera Urola Kosta” kanpainaren baitan, PLAZA BETE MEZU galdera-erantzunen lehiaketa egingo da Irailaren 24an

Irailaren 20tik 24ra bitartean kaleko-dinamikan parte-hartuko duten establezimenduetan erosketak egin edo kontsumitzen duten herritarrek erantzun zuzenak eskuratzeko aukera izango dute

2021·09·21


Urola Kostako Udal Elkarteak joan den maiatzean abiatu zuen Nire Aukera Urola Kosta kanpainaren baitan, irailaren 24an Plaza bete mezu galdera-erantzunen lehiaketa egingo da Getarian, Orion, Zarautzen eta Zumaian aldi berean. Kaleko-dinamikaren helburua eskualdeko ostalaritza eta merkataritza guneetan kontsumoa sustatzea da, eta horretarako, irabazleentzako sari gisa, 1.800 € bideratuko dira erosketa-bonuetan.

Nire Aukera Urola Kosta kanpainaren baitan Getariako Berdura plaza, Orioko Herriko plaza, Zarautzeko Foruen plaza eta Zumaiako E. Gurrutxaga plaza jolas-leku bihurtuko dira irailaren 24an Plaza bete mezu galdera-erantzunen jolasarekin. Kaleko dinamikarekin, eskualdeko ostalaritza eta merkataritza guneetan kontsumoa sustatzea lortu nahi da. Horrela iragarri du Lourdes Salsamendik, Urola Kostako Udal Elkarteko lehendakariak galdera-erantzunen jolasaren dinamika azaltzeko egindako prentsaurrekoan.

Jolasa Kahoot izeneko aplikazioarekin egingo da lau udalerritan aldi berean. Lehiaketan 18 urtetik gorako edonork parte-har dezake (adin txikikoa bada, heldu batek lagunduta egon behar du), baldintza bakarra 20:00etan aurrez zehaztu diren plazetako batean telefono mugikorrarekin egotea da, gailua behar-beharrezkoa baita jolaserako. Parte-hartzaileek Urola Kostako ostalaritza eta merkataritza sektorearekin zerikusia duten 25 galdera erantzun beharko dituzte; galdera bakoitzeko lau erantzun posible izango dituzte, eta erantzun zuzen gehien asmatzen dituen lehiakideak irabaziko du -berdinketa ematen den kasuetan, lehiakide azkarrena izango da garailea-.

Salsamendik jakinari duenez, Udal Elkarteak 1.800 € bideratuko ditu Plaza bete mezu galdera-erantzunen jolasean irabazle suertatzen diren pertsonen sarietarako. “Udalerri bakoitzean hiru sari izango dira: irabazleak 200 €koa jasoko du, bigarren sailkatua 150 €koa eta hirugarrenak, 100 €koa. Guztiak erosketa-bonuan izango dira, kaleko-ekintzan gurekin bat egin duten 97 establezimenduetan gastatzeko”. 

Galdera-erantzunen jolasa Urola Kostako establezimenduen laguntzarekin egingo da eta parte-hartuko duten establezimenduak identifikatzeko Plaza bete mezu lehiaketa iragartzen duten kartel bereizgarriak jarri dira establezimendu horietan. Era berean, establezimendu horietan kontsumoa sustatzeko galderen erantzun zuzenak eskuratzeko aukera izango da irailaren 20tik 24ra bitartean. Erosketa edo kontsumo bakoitzeko, txartel bana banatuko dute erantzun zuzenarekin. Zenbat eta txartel gehiago eskuratu, orduan eta aukera gehiago izango da lehiaketa irabazteko.

Establezimendu zerrenda eskuragarri hemen

Lehiaketaren oinarriak eskuragarri hemen

Nire Aukera Urola Kosta

Nire Aukera Urola Kosta Urola Kosta eskualdeko ostalaritza eta merkataritza suspertzeko eta sektorearen lehiakortasuna areagotzeko kanpaina da. Urola Kostako Udal Elkarteak, eskualdeko bost udalerriek eta eskualdeko sei merkataritza eta ostalaritza elkarteek (Babexa, Getariako dendari elkartea; Arkupe, Orioko merkatari, ostalari eta profesionalen elkartea; Murkil, Zarauzko dendarien elkartea; Gertu, Zumaiako merkatari eta ostalari elkartea; Getabat, Getariako Ostalari elkartea; eta Zurekin, Zarauzko Ostalari elkartea) bat egin eta maiatzean aurkeztu zuten kanpaina.

Orduz geroztik, sektorea balioan jartzeko ikus-entzunezko hainbat pieza zabaldu dira Urola Kostako pertsona ezagunen testigantzekin, besteak beste, Elena Irureta aktorea, Jon Azkue eskubaloi jokalaria, Izaro Lestayo Getaria Arraun ELkarteko patroia edota Julen Olazabal Kirkilla jatetxeko arduraduna.

Irailaren 24ko kaleko-ekintza bigarren ekimena izango da. Eta ondoren, komertzio eta ostalaritza guneetan eskaintzen diren produktu eta zerbitzuen bikaintasuna lortzeko, establezimenduen jardun ekonomikoaren atzean dagoen ehun sozioekonomiko esanguratsuaren berri emango da beste bideo sorta batekin. Kanpaina urrian amaituko da 21 eguneko erronka batekin.