Eduki publikatzailea
Atzealdea Zumaia ekitaldi jasangarrien alde
2024·04·08
Urola Kostako Udal Elkarteak ekitaldi jasangarrien sustapena bultzatuko du datozen asteetan. Hala, Urola Kostako ekitaldi garrantzitsuenetan hainbat ingurumen-irizpide ezarri nahi ditu administrazioak, hondakinen arloan eta baliabide material eta energetikoen optimizazioan jardunbide egokiak barneratzeko, gure eskualdeko aisialdiaren eta kulturaren inpaktuak minimizatzeko asmoz.
Ekimena iaz abiarazi zen, abenduaren 7an hain zuzen, Orioko San Nikolasetako herri bazkarian informazio puntua jarriz. Asmoa da 2024ko udara bitartean, informazio puntuak ezartzea Urola Kosta osatzen duten gainerako lau udalerrietan antolatzen diren ekitaldi esanguratsuetan, udalerri bakoitzeko bana.
Horri jarraiki, datorren apirilaren 13an Zumaiaren txanda izango da. Goizeko 10,00tatik 13,00tara bitartean San Telmo festetako XXIV. Olarru zopa Dastaketa burutuko da Eusebio Gurrutxaga plazan. Informazio-puntu bat jarriko da bertan eta ekitaldia jasangarriagoa izan dadin hezitzaileek egin daitezkeen hobekuntza posibleak identifikatuko dituzte. Horrez gain, birziklatzeari buruzko zalantzak argituko dituzte eta behin dastaketa amaituta, parte hartzaileei hondakinak non bota behar dituzten adieraziko zaie. Honetaz haratago, elikagaiak alferrik ez galtzeko sentsibilizazio-ekintza bat ere egingo da; izan ere, elikagaien xahuketak Urola Kostako eskualdean bakarrik urtean 7.000 tona janari baino gehiago botatzea eragiten baitu.
Ekintza horien bidez, ingurumen hezitzaileek eskualdeko udalerrietan antolatutako ekitaldi horien jasangarritasun maila ikertuko dute, honako alderdi hauek aztertuz, besteak beste: material berrerabilgarrien erabilera, ur- eta energia-kontsumoa eta hondakinen sorkuntza. Halaber, hezitzaileek parte-hartzaileak sentsibilizatuko dituzte, ingurumenean eragin txikia duten jarduerak sustatuz, baita baliabideen nahiz hondakinen kudeaketa jasangarriarekin zerikusia duten zalantzak argituz ere.
Gainerako udalerrietan, 2024. urtean zehar jarraituko du kanpainak; besteak beste, Aiako Landare Berezien Azokan, Antxoaren egunean, Getarian, eta Zarauzko Pagoeta Mendi Lasterketan.
Informazio gehiagorako
- 943 89 08 08
- hondakinak@urolakosta.eus
- Urola Kostako Udal Elkartea webgunea
- Instagram: @ukueingurumena
- Facebook: UKUE ingurumena