Eduki publikatzailea

Atzealdea Aia eta Zarautz ekitaldi jasangarrien alde batuko dira igandean , apirilak 28

Bi informazio puntu jarriko dira, Aiako Landare Berezien XX. Azokan bata eta XIX. Pagoeta Mendi Lasterketan, bestea. Bi puntu horietan ekitaldiak jasangarriagoak izateko hobekuntzak identifikatuko dira. Ekimen hauek Urola Kostako ekitaldi jasangarrien sustapena bultzatzeko kanpainaren baitan jasotzen dira eta helburu dute ekitaldi garrantzitsuenetan hainbat ingurumen-irizpide ezartzea, eskualdeko aisialdiaren eta kulturaren inpaktuak minimizatzeko.

2024·04·26


Ekitaldi jasangarriak sustatzea helburu hartuta Urola Kostako Udal Elkartea aurrera eramaten ari den kanpainaren baitan, datorren apirilaren 28an Aia eta Zarautzen egingo dira esku-hartzeak.

Kanpaina hau iaz abiatu zen, Orioko San Nikolasetako herri bazkarian informazio puntua jarriz. Orduz geroztik gauza bera egin da Zumaian, Olarru Egunean eta orain, Aia eta Zarautzen txanda izango da.

Zarautzen kasuan, XIX. Pagoetako Mendi Lasterketaren buelta ospatuko da, goizeko 8:00etatik 11:00etara bitartean. Lasterketaren irteera eta helmuga tokian (Klabelinsoro kalea) informazio-puntu bat jarriko da eta ekitaldia jasangarriago izan dadin hezitzaileek egin daitezkeen hobekuntza posibleak identifikatuko dituzte. Horrez gain, hezitzaileek birziklatzeari buruzko zalantzak argituko dituzte eta behin lasterketa amaituta, parte hartzaileei hondakinak non bota behar dituzten adieraziko zaie. Honetaz haratago, lasterketara hurbiltzen diren pertsonei hondakinen inguruko galdetegi interaktibo bat ere pasako zaie, hauek hondakinei buruz duten ezagutza eta zalantzak identifikatzeko asmoarekin.

Aiaren kasuan, Landare Berezien XX. Azoka ospatuko da, goizeko 11:30etatik 14:30etara bitarte, Iturrarango lorategi botanikoan. Hemen ere informazio puntu bat jarriko da eta Zarautzen egingo den lanketa bera burutuko dute bertan hezitzaileek.

Ekintza horien bidez, ingurumen hezitzaileek eskualdeko udalerrietan antolatutako ekitaldi horien jasangarritasun maila ikertuko dute, honako alderdi hauek aztertuz, besteak beste: material berrerabilgarrien erabilera, ur-eta energia-kontsumoa eta hondakinen sorkuntza.

Parte-hartzaileak ere sentsibilizatuko dituzte hezitzaileek, ingurumenean eragin txikia duten jarduerak sustatuz, baita baliabideen nahiz hondakinen kudeaketa jasangarriarekin zerikusia duten zalantzak argituz ere.

Hurrengo puntu informatiboa Getarian jarriko da Antxoaren egunean.

Informazio gehiagorako