Eduki publikatzailea
Atzealdea Osasun arloko negozioen digitalizazioari loturiko hiru prestakuntza-jardunaldi antolatu ditu Urola Kostako Udal Elkarteak
2024·05·08
Urola Kostako Udal Elkarteak, eskualdeko enpresen eta negozioen digitalizazioarekiko konpromisoan, osasun-arloko ekintzaile, autonomo eta mikroenpresei zuzenduriko prestakuntza saioak antolatu ditu.
Saio guztiak SPRIk garatutako "Inplantalariak - EIKT soluzioak ezartzea" proiektuaren baitan jasotzen dira eta helburu dute, hain zuzen, aipatu hartzaileen negozio zein enpresak hobetzeko teknologia berrien erabilpenari ahalik eta etekin handiena ateratzen erakustea.
Hala, prestakuntza-jardunaldi horien bitartez, Urola Kostako Udal Elkarteak irtenbide teknologiko eraginkorrak ahalbidetzeko tresnak jarri nahi ditu osasun-arloko negozioen eskura, horrela, denboraren kudeaketa hobea eta pazienteari arreta eraginkorragoa eta modernoagoa eskaini ahal dezaten.
Prestakuntzaren helburua, beraz, ez da tokiko negozioen lehiakortasuna eta eraginkortasuna hobetzea soilik, baita osasun-sektoreko zerbitzuaren kalitatea indartzea ere, komunitatearen ongizatearen mesedetan.
Jardunaldien xehetasunak
Jardunaldiak Udal Elkartearen egoitzan egingo dira, ostiraletan, 09:30etik aurrera, eta saio bakoitzak hiru orduko iraupena izango du. Jardunaldiak maiatzaren 17an eta 31n eta ekainaren 14an egingo dira.
Saioetan gai desberdinak jorratuko dira, hala nola, pazienteen arreta eraginkorra lortzeko gakoak, paziente berriak erakartzeko online ikusgarritasunaren optimizazioa eta egungo teknologiaz baliatuta kontsulta medikoen kudeaketaren hobetzea, besteak beste, WhatsApp Business, laguntzaile birtualak edota marketin digitaleko tresnak erabiliz (ChatGPT eta Copilot).
Talde-saioen ondoren, halaber, parte hartzaileek banakako tutoretza-saioa izateko aukera izango dute, laguntza pertsonalizatua eta eraginkorra ziurtatuz. Horretarako, Udal Elkarteko instalazioak erabili ahal izango dituzte, aurrez eskaera eginda.
Izen emateak
Izen ematea dagoeneko zabalik dago eta ondorengo estekan egin daiteke, saio baterako edo gehiagorako. Formakuntza guztiz doakoa izango da.
Programa osoa
Maiatzak 17 | Artatu zure pazienteak denbora galdu gabe
Jardunaldi honetan pazienteen arreta kanal digitaletan arintzen erakutsiko da, horretarako, adibidez, Whatsapp Business erabiliaz zerbitzuen katalogo birtual bat sortuz, LuzIA eta Carina laguntzaile birtualak erabiliz edota online erreserbak zein formularioak eta bideo-deiak eginez.
Maiatzak 31| Paziente berriek zu aurkitzea eragin, zu bezalako profesionalak bilatzen dituztenean
Saio hau bezeroak fidelizatzera eta irabaztera bideratuta dago. Horretarako, zerbitzuak erakusteko ondo kokatuta dagoen webgune bat izatea, bezeroak erakarri eta fidelizatuko dituzten aholku zein kanpainen bidez bitarteko sozialak dinamizatzea edota ChatGPT eta Copilot erabiltzen ikastea proposatzen du jardunaldiak.
Ekainak 14| Aurreztu denbora zure kontsultaren kudeaketan
Laneko ordena eta segurtasuna dira hirugarren jardunaldiaren oinarria. Horretarako, bertaratzen direnei dauden lekuan daudela beren hitzorduak, txandak, kontaktuak edota fakturak idatzi eta sartzen erakutsiko zaie, baita laster-markak eta ahots komandoak erabiltzen edo posta elektronikoa automatizatzen ere, beste hainbat gauzen artean.
Informazio gehiago
Urola Kostako Udal Elkartea
Enpresa Zerbitzua
943 89 08 08