Eduki publikatzailea
Atzealdea 7.000 ontzi konpostagarri banatuko ditu Urola Kostako Udal Elkarteak eskualdeko jatetxe eta tabernen artean, elikagaien xahuketa murrizteko kanpainaren baitan
2023·03·01
Joan den urteko azaroan jarri zuen abian Urola Kostako Udal Elkarteak #STOP Janari Xahuketa kanpaina, elikagaien xahuketa murriztu eta saihesteko kanpaina, alegia. Honen helburua da hondakin gisa kudeatzen diren elikagaien kopurua murriztea eta, soberakinen aprobetxamendua indartuz eta bultzatuz, soberakinak sortzea saihestea eta herritarrak elikagaien xahuketaren inguruan kontzientziatzea.
Ildo horretan, kanpaina honen lehen fasean herritarrei zuzenduriko sukaldaritza tailerrak egin zituen eskualdeko bost udalerrietan hauen kontzientziazioa pizteko. Horrez gain, Urola Kostan hondakin gehien sortzen duten supermerkatuetara eta jatetxeetara bisitak ere egin zituen udal elkarteak eta inkesta bat ere partekatu zuen guztiekin, bakoitzaren errealitatea ezagutzeko. Era berean, ostalariekin mahai-inguru bat ere egin zuen.
Elikagaien xahuketa saihesteko ontzi konpostagarriak
Orain, kanpainaren bigarren fase honetan, Urola Kostako Udal elkarteak ontzi konpostagarriak banatuko ditu eskualdeko ostalaritza establezimenduen artean, jatetxe zein tabernetan bezeroek sobratutako janaria etxera eraman ahal dezaten.
Guztira 7.000 ale jarriko ditu eskualdeko jatetxe eta tabernentzat eskuragarri eta nahi duenak udal elkartean bertan jaso ahal izango ditu martxoaren 6tik 8ra bitartean goizeko 8:00etatik 14:00etara.
Argibideak eta informazio gehigarria
Urola Kostako Udal Elkartea
Ingurumen saila
- 943 89 08 08
- ingurumena5@urolakosta.eus