Eduki publikatzailea
2023·05·15
Joan den ostiralean ospatu zen, Zumaiako Alondegia kultur etxean, HAZILAN laneratzeko programaren itxiera jardunaldia. Urola Kostako Mankomunitateak gidatutako ekitaldi honek amaiera eman zion HAZILANen 7 urteko ibilbideari; urte horien baitan, guztira 2.142 pertsonak hartu dute parte egitasmoan.
HAZILAN GARAPEN Garapen Agentzien Euskal Elkarteak eta hainbat tokiko garapen-agentzia kudeatutako proiektua izan da, horien artean Urola Kostako Udal Elkartea. Programak, laneratze eta garapen ekonomikoa sustatzeko tresna gisa, Euskal Autonomia Erkidegoko gazteen eta enpresen eskaerei erantzun die.
Lorpenak
2016an ekin zuenetik, HAZILANi esker, parte-hartzaileen % 75ak, hau da, 1.500 gazte baino gehiagok, aurkitu du lana. Programaren hasierako helburuetako bat zen emakumeen lan-egoera hobetzea, 2016an hamar langabetik sei emakumeak baitziren. HAZILANeko parte-hartzaile guztietatik, % 63 emakumeak izan dira. Lorpenen artean, nabarmentzekoa da HAZILAN programari esker enplegua topatu duten pertsonen % 85 langabeak zirela eta % 8 atzerritarrak.
Urola Kostan, Urola Kostako Udal Elkarteak kudeatu du egitasmoa. 2016tik hona, guztira, 14 edizio/talde egin dira eta 202 pertsonek parte hartu dute, 133 emakume eta 69 gizon. Pertsona horien % 54 zarauztarrak izan dira, % 20 Zumaiakoak, % 10 Oriokoak, % 7 Getariakoak, % 6 beste udalerri batzuetakoak (Donostia) eta % 3 Aiakoak.
“7 urteko ibilbidean, egitasmoaren emaitzak oso onak izan dira; Urola Kostan, egitasmoa amaituta %52ek lana lortu dute eta 6 hilabetetara %65ek”, azaldu du Iñaki Ostolazak, Zumaiako alkateak.
“HAZILANek gazte kualifikatuak laneratzeko prozesuan egitasmo arrakastatsua dela frogatu du. Programa Euskal Herriko agentzietan egonkortu da eta datozen 7 urteetan ere jarraipena emango zaio, HAZILAN+ programaren bidez”, nabarmendu du Eli Urbieta GARAPEN elkarteko gerenteak.
Ekitaldian, Juan Alberdi, Eusko Jaurlaritzako Kohesio Politikako eta Europako Funtsetako zuzendaria ere izan zen, eta garapen-agentzien lana baloratu zuen: "Azpimarratu eta eskertu nahi dut agentziek duten zeregin garrantzitsua, garapen ekonomikoa sustatzeko politika publikoak kalean bertan ezartzea erraztuz eta Euskadiko eta Europako erakundeen arteko lankidetza ahalik eta ondoen aprobetxatzen dela bermatuz. Hemen bildu gaituen eta bere osotasunean ezagutzeko aukera izan dugun HAZILAN proiektua horren adibide ona da ".
Era berean, Oribay taldeko I+G saileko Alejandra Guzmanek bere esperientzia baloratu du: “Enplegua bilatzeko tresna berriak eskuratu ditugu eta gure helburu profesionalera bideratu gara, emaitza onak lortuz. HAZILAN programaren barruan, gure etorkizun profesionalera hobeto bideratzeko aholkuak eman dizkigute, ordura arte ezagutzen ez genituen lan-ikuspegiei begira”.