Berriak
Atzealdea

Eskualdeko garapen sozioekonomikoari bultzada emateko, 905.000,00 euroko diru funtsa onartu du, ahoz batez, Udal Elkarteko Zuzendaritza Batzordeak

Diruz lagunduko dira ekintzailetza, enplegua, inbertsioak eta lehiakortasuna hobetzeko 2020ko urtarrilaren 1etik 2021eko abenduaren 31ra bitartean burututako jarduerak

2021·07·15


Datozen egunetan, Urola Kostako Udal Elkarteak dirulaguntza deialdia egingo du, ekintzailetasuna, enplegua, inbertsioak eta lehiakortasuna hobetzeko egitasmoak sustatzeko. 2021eko deialdia eta oinarriak Udal Elkarteko Zuzendaritza Batzordeak aho batez onartu zituen uztailaren 2an.  

Lau dirulaguntza lerro

Dirulaguntza deialdiaren bitartez, lehentasunezkotzat jo da enpresei langileak kontratatzeko laguntza eskaintzea, ekintzailetzaren bidea hautatu dutenei dirulaguntzak ematea eta enpresen lehiakortasunaren alde, inbertsioetarako edota enpresen eta ikastetxeen arteko sinergiak eta lanketak bultzatzeko laguntza eskaintzea.

Hona hemen deialdiaren lau dirulaguntza lerroen ezaugarriak, laburbilduta:

1.- Jarduera ekonomikoak sortzeko edo proiektu berriak sustatzeko dirulaguntzak: 150.000,00 euro gorde dira lerro honetarako.

2.- Kontratazioa eta kalitatezko enpleguaren sustapena: 75.000,00 euro gorde dira lerro honetarako. Langabeak kontratatzeko eta kalitatezko enplegua bultzatzeko laguntzak dira.

3.- Inbertsioetarako dirulaguntzak: 500.000,00 euro gorde dira.  Honako hauek dira diruz lagun daitezkeen inbertsio-ildoak:

  • Negozioaren lehiakortasuna hobetzeko lagunduko duten inbertsioak
  • Teknologia berriak eta berrikuntza enpresan txertatzeko inbertsioak; besteak bese, TicketBai sistemarako fakturazio-softwareak.
  • Baldintza higieniko-sanitarioak bermatzeko inbertsioak; Covid-19an eragindako egoera dela medio, distantziak bermatzeko sistemak, lurruneztagailuak, terraza finkoak… 

4.- Enpresen lehiakortasuna hobetzeko egitasmoak garatzeko 100.000,00 euro gorde dira.

Diruz lagunduko dira 2020ko urtarrilaren 1etik 2021eko abenduaren 31ra bitartean burututako jarduerak. Lerro batean aurreikusitako kreditua agortzen ez bada, soberakina beste lerroetara bideratuko da.

Lan ildo estrategikoak

Deialdiaren funtsa da Covid-19ak eragindako ondorioei “erantzun integral” bat ematea eta “eskualdeko garapen sozioekomonikoa babestea eta suspertzea; norbanako, enpresa eta eragile guztien ongizatea eta etorkizuna bermatzeko”.

Lourdes Salasamendi lehendakariak adierazi duenez, Covid-19ak sortutako krisiak “eskualdea gogor kolpatu” badu ere, Udal Elkarteak lanean dihardu “eskualde garatu, inklusibo, aurreratu eta jasangarria helburu”. Salsamendik eskualdeko eragile, elkarte, norbanako eta enpresa “guztien bidelagun” izateko asmoa berretsi nahi izan du. Deialdiak aipamen berezia egiten die giza talde zehatzei; hala nola, 55urtetik horako eta 35 urtetik beherakoei, aniztasun funtzionala duten edota langabeziarik handiena pairatzen duten emakumezko langileei.

Horretarako, datozen urteetarako ondorengo lan lerroak hartu ditu estrategikotzat Urola Kostako Udal Elkarteak:

  • Eraldaketa digitala: Enpresa eraldaketan funtsezko kontzeptua da gaur egun digitalizazioa. Negozioen kudeaketa errotik aldatzen ari da, lehiakortasuna hobetzeko aukera berriak sortuz eta aldaketa kudeatzeko eta balio erantsi berria sortzeko gaitasun handiagoa eskainiz.
  • Eraldaketa demografikoa: Balio erantsiko irtenbide partekatuak sustatzea trantsizio demografikoaren erronka sozial eta ekonomikoari aurre egiteko; pertsonen zahartze‐prozesua kontuan hartzen dutenak; inpaktu soziala, ekonomikoa eta ingurumenekoa integratzen dituztenak gizartearen ongizatea, autonomia, berdintasuna eta aniztasuna areagotzeko.
  • Eraldaketa klimatikoa: Garapen jasangarriko eredu ekonomiko eta sozial batera aldatzea, helburu nagusitzat hartuta klima aldaketaren aurka borrokatzea eta haren ondorioak arintzea.
  • Urola Kostako eskualdeko baliabide endogenoak aprobetxatzea:
    • EKONOMIA URDINA: Ekonomia urdinak itsasoarekin lotura duten jarduera ekonomiko guztiak hartzen ditu kontuan.
    • SEKTORE TRADIZIONALEN ERALDAKETA: Ekonomiaren garapena sustatzeko eta bizkortzeko.
    • TURISMO JASANGARRIA:   iraunkortasun ekonomikoa, tokiko komunitatea, ingurune naturala eta kulturala, eta bidaiariak.

Deialdia eta oinarriak

Bete behar diren baldintzak, prozedura, eskabideak baloratzeko irizpideak eta gainerako xehetasunak oinarrietan daude zehaztuta. Deialdia, oinarriak eta eskabidea egiteko eredua datozen egunetan argitaratuko dira  Udal Elkartearen webgunean

Eskaerak aurkezteko epea 2021eko irailaren 30ean amaituko da.

Argibideak

Argibideak jasotzeko jarri gurekin harremanetan:

Urola Kostako Udal Elkartea, Enpresentzako Zerbitzuak

  • Tel. 943 890808
  • enpresa@urolakosta.eus