Eduki publikatzailea

Atzealdea Abian da Urola Kosta eskualdeko Tokiko Garapen eta Enplegu Plana

1
• Gaur aurkeztu dute bide-orria, Udal Elkarteko egoitzan • Plana Urola Kosta osatzen duten bost udalerrien arteko lankidetzan oinarritzen da, eskualdeko eragile ekonomiko, sozial eta herritarren parte-hartze aktiboan. • Herritarrek planean modu aktiboan parte hartzeko aukera izango dute; lan merkatua, energia, hezkuntza edota elkarbizitzari buruzko euren iritzi eta nahiak azalduz.

2026·02·10


Eskualdeko Tokiko Garapen eta Enplegu Plana abiatzea aurkeztu dute gaur goizean egindako prentsaurrekoan. Eskualdearen erronka nagusiei modu partekatuan erantzuteko helburua duen prozesua da, eta datozen urteetarako eskualdeak izango dituen lehentasunak eta ekintza zehatzak adosteko bide-orri gisa balioko du orain hasi duten lanketa honek.

Ion Arozena Eizagirre Urola Kostako Udal Elkarteko lehendakariak azaldu duenez, plana ez da “txosten tekniko hutsa”, baizik eta eskualde-prozesu bat: “etorkizuna denon artean eraikitzeko tresna da, erronkak identifikatuz, lehentasunak adostuz eta enpleguan, jarduera ekonomikoan eta bizi-kalitatean eragin zuzena duten proiektuak aktibatzeko.”

Plana Urola Kosta osatzen duten bost udalerrien arteko lankidetzan oinarritzen da, eskualdeko eragile ekonomiko, sozial eta herritarren parte-hartze aktiboan. Helburua da gaitasunak batzea eta ahaleginak norabide berean lerrokatzea, eskualdearen garapen ekonomiko eta soziala indartzeko.

Helburua: estrategia argia eta ekintza zehatzak

Tokiko Garapen eta Enplegu Planaren bidez, eskualderako diagnostiko partekatua, eskualde-estrategia argia eta ekintza zehatz, bideragarri eta neurgarriak adostu nahi dituzte, ardurak eta jarraipena bermatuz. Helburua da enplegua eta garapen ekonomikoa indartzeaz gain, eskualdeko gobernantza koordinatuagoa eta eraginkorragoa sustatzea.

Hala, plan hori ahalik eta zabalena eta osoena izan dadin, lan merkatuaren, energiaren, hezkuntzaren edota elkarbizitzaren inguruan herritarrek eta eragileek dituzten kezkak eta nahiak bilduko dira.

Parte hartzeko bide irekiak

Prozesuak parte-hartzeko hainbat formatu aurreikusten ditu, profil guztiek ekarpena egiteko aukera izan dezaten: lan-saio partekatuak, galdetegiak eta online kanalak, eragile giltzarriekin elkarrizketak eta mahai sektorialak.

Prentsaurrean parte hartu dutenek herritarrak eta eskualdeko eragile ekonomiko eta sozialak parte hartzera gonbidatu dituzte, ideiak eta lehentasunak partekatzera. Hala, lehendakariaren ustez, “Urola Kostak potentziala eta nortasuna baditu. Plan honekin, energia hori norabide komun batera bideratu nahi dugu, etorkizun jasangarriago, lehiakorrago eta partekatuago baterantz, herri bakoitzak duen izaera eta identitatea kontutan hartuz”.

Planaren ezaugarri nagusietako bat parte-hartze benetakoa eta eraginkorra denez, diagnostiko objektiboa eta lurraldea barrutik ezagutzen duten eragileen ekarpen kualitatiboak uztartuko dira, datuetan eta esperientzian oinarritutako proposamenak eraikitzeko. Hori guztia egingo da gobernantza partekatua oinarri hartuta.

Prentsaurrekoan parte hartu du Ainhoa Urdangarin Irudika lanbide heziketako zentroko ordezkariak: “Gizartean errotuta egotea eta herritarren beharrak entzutea funtsezkoa da. Egunero etorkizuneko langileekin gaude, eta haien beharrak zuzenean ezagutzen ditugu; esperientzia hori partekatuko dugu prozesu honetan.”

Urdangarinen ikuspegitik, ikastetxeek eskualdeko lan-merkatuaren beharrei erantzuten dien prestakuntza eskaini behar du. Gainera, etorkizuneko talentua aurreikusi eta prestatzen lagundu dezake ezbairik gabe; “laneratzea errazteko zubi lana egin behar dugu praktiken edota ikaskuntza dualaren bitartez; eta noski, talentua mantendu eta sortzeko ekimenetan parte hartu behar dugu” dio Urdangarinek.

Prestakuntzaz gain, ordea, planak ekintzailetza eta enpresen lehiakortasuna barneratuko ditu ezinbestean; eskualdeko tokiko garapenaren aldagai garrantzitsuak baitira; eskualdean jorratzen diren sektore guztiak aintzat hartuta, baita estrategikoak izan daitezkeenak ere.

Erronka partekatuen aurrean, erantzun kolektiboa

Tokiko Garapen eta Enplegu Plana une egokian abiatzen dela nabarmendu dute arduradunek. Batetik, eskualdeak aurrean dituen erronkei —lan-merkatuaren bilakaera, profil profesionalen egokitzapena, jasangarritasuna, eraldaketa digitala, belaunaldi-erreleboa edo gizarte-kohesioa— modu integralean heltzeko beharra dagoelako. Bestetik, Enpleguaren Euskal Legeak (15/2023) tokiko eta eskualdeko erakundeei tresna egokia ematen dielako enplegu-politikak tokiko garapenarekin lotzeko.

Herritarrei zuzendutako galdetegia

Plana osatzeko, beraz, herritarrak eta gainerako eragileak parte-hartzera gonbidatu ditu Ion Arozena UKUEko lehendakariak, ideiak proposatuz eta lehentasunak adieraziz. Horretarako, galdetegiak bete dezake nahi duen orok:

1