Eduki publikatzailea

Atzealdea Administrazio publikoa aztergai: Urola Kostako Udal Elkarteak instalazio publikoetan paper hondakin gutxiago sortzeko kanpaina abiarazi du

Horretarako energia ikuskaritzak egingo dira udalerrietako hainbat eraikin publikoetan horien bitartez bakoitzaren iraunkortasun mailaren diagnostikoa zehaztu ahal izateko. Era berean kanpainak instalazio publikoen funtzionamenduaren hainbat alderdi ebaluatuko ditu, eraikin publikoen ingurumen jarduera zehazteko.

2024·01·18


Urtarrilean zehar eskualdean ingurumenaren jasangarritasuna sustatzeko eta bide batez Urola Kostako eraikinak jasangarriak diren ala jakiteko beste kanpaina bat abian jarriko da eskualdean. Oraingoan, kanpainaren helburua da administrazioan erabilitako paperaren erabilera murriztea. Halaber, kanpainak instalazio publikoen funtzionamenduaren hainbat alderdi ebaluatuko ditu ere, eraikin publikoen ingurumen jarduera zehazteko.

Horretarako, eskualdeko bost udalerrietako eraikin publiko batzuetan ingurumen-ikuskaritzak egingo dira, horien bidez, bakoitzaren iraunkortasun mailaren diagnostikoa zehaztu ahal izateko. Ebaluazio horietan, hainbat alderdi aztertuko dira, hala nola, paperaren eta ontzien erabilera eta eraikinaren barruan sortzen den hondakin kopurua. Gainera, sortutako hondakinak kudeatzeko modua ere garrantzitsua da, beraz, langile publikoentzat eta eraikinen erabiltzaileentzat prestatutako zaborrontziek gaikako bilketa ahalbidetzen duten aztertuko da, baita behar bezala identifikatuta dauden ere. Beste faktore batzuk ere ebaluatuko dira, besteak beste, uraren eta energiaren erabilera; ondorioz, udal elkarteko teknikariek luminariak, ekipo elektrikoak eta beste instalazio batzuk ikertuko dituzte haien eraginkortasuna zehazteko. Azkenik, eraikinetako langileen sentsibilizazio maila ere aztertuko da.

Guztira, 11 eraikin ikuskatuko dira kanpainan zehar: bost udaletxeak, eskualdeko bost kultur etxeak eta Urola Kostako Udal Elkartearen egoitza. Lortutako emaitzak bisitatutako eraikinen ingurumen-jarduera hobetzeko erabiliko dira.

Ingurumen-ikuskaritzez gain, udal elkarteak paperaren erabilera optimizatzeko jardunbide egokien eskuliburu bat prestatu du eskualdeko eraikin publiko guztietan banatuko dena. Honekin, udal-baliabideen erabilera arduratsua eta eraginkorra zabaltzea bilatzen da.

Kanpainari buruzko informazio gehiago nahi izanez gero, bide hauek erabil daitezke:

  • Hurrengo telefonora deituz: 943890808
  • Honako helbide elektronikora idatziz: hondakinak@urolakosta.eus
  • Urola Kostako Udal Elkartearen sare sozialetan eta web-orrian.