Eduki publikatzailea

Urola Kostako Udal Elkarteak Europako ADT4BLUE proiektuko ordezkariak hartu ditu

4
ADT4BLUEko Europako ordezkariak Urola Kostako Udal Elkartean bildu dira proiektuaren hurrengo faseak koordinatzeko, ekonomia urdinaren erronkei helduko dieten negozio-ideien garapena eta inplementazioa ardatz hartuta. Lan bilerez gain, parte hartzaileek Urola Kostako aberastasun natural eta kulturala ezagutzeko aukera izan dute, eskualdeko hainbat puntu bisitatuz.

2024·09·23


Urola Kosta Udal Elkarteak ADT4BLUE proiektu europarreko parte-hartzaileak hartu ditu. INTERREG Atlantic Area programaren ekimena da, eta ekonomia urdinean teknologia aurreratuen aplikazioa sustatzea du helburu. Interreg programaren bidez, Eskualde Garapeneko Europako Funtsak (EGEF) finantzatutako proiektu honek Espainia, Portugal, Frantzia eta Irlandako 13 bazkideko partzuergoa biltzen du, tartean Urola Kostako Udal Elkartea, eta 2026ra arte luzatuko da.

ADT4BLUEko ordezkariak Urola Kostan bildu dira proiektuaren hurrengo faseak koordinatzeko, ekonomia urdinaren erronkei helduko dieten negozio-ideien garapena eta inplementazioa ardatz hartuta. Adimen Artifiziala, Blockchain eta Gauzen Internet (IoT) bezalako teknologia aurreratuak erabiliz, partzuergoak digitalizazioa eta berrikuntza sustatu nahi ditu funtsezko sektoreetan, hala nola logistikan, turismoan, akuikulturan, energia berriztagarrietan eta ontzigintzan.

Proiektuan parte hartu dutenen artean izen handiko erakundeak daude, hala nola Instituto Politécnico da Guarda (Portugal), Centre National de la Recherche Scientifique (Frantzia), University College Dublin (Irlanda), Administración del Puerto de Aveiro (Portugal), eta GAIA, Euskadiko Ezagutza eta Teknologia Industrien Elkartea, besteak beste.

Lan bilerez gain, parte hartzaileek eskualdeko aberastasun natural eta kulturala ezagutzeko aukera izan dute, Garapen Agentziako teknikarien eta Ion Arozena Eizagirre lehendakariaren eskutik.

1 2 3 4