Berriak
Atzealdea

Bi ikastaro berri merkataritza sektoreko profesionalentzat

16 orduko bi ikastaro eskainiko dira maiatza eta ekaina bitartean.

2022·05·13


Gipuzkoako Merkatarien Federazioarekin lankidetzan, eskualdeko merkataritza eta zerbitzu sektorearentzat propio diseinatu du trebakuntza-eskaintza Urola Kostako Udal Elkarteak. Helburua da eskualdeko merkataritza eta zerbitzuen alorreko negozioen irudia hobetuz, sektoreko enpresen lehiakortasuna hobetzen laguntzea. Horretarako, 16 orduko bi ikastaro eskainiko dira maiatza eta ekaina bitartean. Lehen programan, komunikazioa hobetzeko teknika eta praktiketan sakonduko da; komunikazio gaitasunak garatu eta bezeroarekiko harremanetan trebatzeko. Bigarren ikastaroan, ingurune digitala lantzeko eta sare sozialetako estrategiak garatzeko marketin eta digitalizazio tresnak landuko dira.  

1. Komunikazio hobea lortzeko teknikak

Komunikazio gaitasunak garatzeko eta bezeroarekiko harremanetan trebatzeko, parte hartzaileek teknika eta praktika berritzaileak barneratu ditzaten lortu nahi da ikastaroaren bitartez. Jardun profesionalean, bezeroekiko enpatiaz eta errespetuz gatazkak konpontzeko eta negoziazioak bideratzeko gakoak eskainiko dira. Maiatzaren 20an hasi eta ekainaren 6ra arte, astero bi orduko hiruna saio izango dira; astelehenetan, asteazkenetan eta ostiraletan. (Maiatzak 20,23,25,27,30 eta ekainak 1,3,6)

2. Marketin eta digitalizazio tresnak

Nola sustatu ditzakegu gure produktu nahiz zerbitzuak ingurune digitalean?  Marketin eta digitalizazio tresnen bitartez sare sozialetarako estrategiak garatzen ikasiko dute parte hartzaileek. Marketin kanpainak diseinatzen, eduki interaktiboak sortzen eta, besteak beste, WhatsApp Business erabiltzen trebatuko dira. Ekainaren 8tik 24ra izango da ikastaroa; hilabetez, astelehenetan, asteazkenetan eta ostiraletan egingo dira bi orduko saioak.

Saio guztiak aurrez aurrekoak izango dira, Udal Elkartearen egoitzan. Ordutegia sektorearen arabera egokitu da eta 14:00etatik 16:00etara bitartean eskainiko dira saioak.

Argibideak eta izena emateko

Dagoeneko zabalik dago izen-ematea. Plaza kopurua mugatua da eta maiatzaren  18an amaituko da izen-emate epea.

Enpresentzako Zerbitzuak, (Eli Uzkudun)

  • Tel. 943 890808
  • enpresa@urolakosta.eus