Eduki publikatzailea

Atzealdea Bueltan da 45+ Indartzen prestakuntza-programa; 45 urte edo gorako herritarrak lan-munduan murgildu daitezen

Egitasmoan parte hartzeko izen ematea zabalik egongo da martxoaren 1etik apirilaren 13a bitarte. Ekimenaren inguruko informazio saio bat egingo da martxoaren 30ean.

2023·02·27


Laster ekingo zaio “45+Indartzen” ekimenaren 6. edizioari. Funtsean, 45 urte edo gorako herritarrak lan-munduan txertatzeko 40 orduko prestakuntza-programa da. Egitasmoaren helburua da parte-hartzaileak ahalduntzea, aldaketarako prestatzea eta euren laneratzea erraztea.

Horretarako, 2 asteko trebakuntza eskainiko zaie eskualdeko 45 urte edo goragoko herritarrei. Adin tarte horretako askok oso zaila ikusten dute lan-mundura itzultzea edo egokitzea.

Urola Kostako Udal Elkarteko Enplegu eta Orientazio Zerbitzuak sustatutako ekimena da; herritarrek prestakuntza-erreminta berriak barneratu ditzaten, baliabide profesionalez jantzi ondoren euren laneratzea errazteko.

Programaren xehetasunak

40 orduko prestakuntza izango da; 4 orduko 10 saiotan banatua, 09:30etik 13:30era (aurrez aurre). Ikastaroak bi aste iraungo ditu; hain zuzen ere, apirilaren 24tik maiatzaren 9ra. Aurrez, apirilaren 17an egingo den lehen saioarekin emango zaio hasiera ekimenari. Lehen saio hau 09:30etik-11:00etara izango da; aurrez aurre, Udal Elkartearen egoitzan.

Taldekako prestakuntzaz gain, partaide guztiek 3 bakarkako saio jasoko dituzte (online).

Informazio saioa, martxoaren 30ean

Edozein kasutan, egitasmoaren xehetasunak azaltzeko informazio-saio bat egingo du udal elkarteak datorren martxoaren 30ean interesa duten herritarrentzat.

Saio hori goizeko 09:30ean egingo da, online, gotomeeting plataformaren bitartez.

Informazio saioan parte hartzeko, aurrez izena eman behar da, ondorengo galdetegia beteta. Behin hori eginda, saiora sartzeko esteka jasoko du interesdunak bere posta elektronikoan.

Izen-ematea

Izen ematea martxoaren 1etik apirilaren 13a bitarte egongo da zabalik eta telematikoki egin behar da, Udal Elkartearen egoitza elektronikoan. Tramitazioa elektronikoki egin ezin dutenek Udal Elkarteko egoitzara bertaratu dezakete (izen-ematea aurrez aurre egiteko).

Argibideak edota informazio gehiago jasotzeko

Urola kostako Udal Elkartea,

Garapen Agentzia: Enplegu eta Lan-orientazio Zerbitzua (Vanessa Garcia, Olaia Sainz)

  • Tel. 943890808
  • lanpoltsa@urolakosta.eus