Eduki publikatzailea

Atzealdea Datuen Babesari buruzko tailer praktiko eta trinkoa eskainiko du Urola Kostako Udal Elkarteak eskualdeko enpresentzat

Tailer honen bitartez taldekako prestakuntza eta bi orduko tutoretza saioa jasoko dute parte-hartzaileek. Helburua da, datuen babesari dagokionez, eskualdeko enpresa-arduradunei legeek eta ordenamendu juridikoak arautzen dutena ezagutaraztea eta, prestakuntza eskaintzarekin batera, ezarpenerako aholkularitza ere eskaintzea. Tailerra doakoa da eta izen ematea jada zabalik dago uztailaren 7a arte.

2023·06·22


Datuak babesteko indarrean den erregelamenduaren arabera, enpresa guztiek nahitaez ezarri behar dituzte pertsonen eskubideak, datuen segurtasuna eta pertsonen informazioa bermatzeko beharrezkoak diren neurri teknikoak zein antolakuntza arloko neurri zehatzak. Langile, bezero, hornitzaile eta abarren datu pertsonalak kudeatzen dituen edozein enpresak erregelamendu orokorrak jasotzen dituen printzipioetara egokitu behar du. Gaur gaurkoz, hori guztia arautzeko indarrean dira Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra (2016/679 UE) eta 3/2018 Datuak Babesteko eta Eskubide Digitalen Bermerako Lege Organikoa.

Gaiaren konplexutasuna dela eta, Urola Kostako Udal Elkarteak tailer praktikoa antolatu du eskualdeko enpresentzat. Helburua da, datuen babesari dagokionez, eskualdeko enpresa-arduradunei legeek eta ordenamendu juridikoak arautzen dutena ezagutaraztea eta, prestakuntza eskaintzarekin batera, ezarpenerako aholkularitza ere eskaintzea.

Horri jarraiki, lehenik eta behin, parte hartzaileek taldekako prestakuntza jasoko dute. Uztailaren 13ean (osteguna) eta uztailaren 18an (asteartea) izango dira talde prestakuntzako saioak. Aurrez-aurrekoak izango dira (Urola Kostako Udal Elkarteko egoitza nagusian) eta goizez, 10:00etik 14:00etara bitartean eskainiko dira. Hauexek dira taldeko saioetan landuko diren eduki zehatzak:

  1. Sarrera. Oinarrizko kontzeptuak eta aplikazio eremua
  2. Datuak babesteko printzipio orokorrak eta betebeharrak
  3. Datuak Babesteko kontrol entitateak
  4. Datuen tratamendua eta lagapena
  5. Eskubide digitalak

Taldekako prestakuntzaz gain, enpresa partehartzaile bakoitzarekin bi orduko tutoretza saio bat egingo da. Hala, tailerra amaituta, enpresa partehartzaileek datuak babesteko euren segurtasun sistema egokituta izango dute.

Izen-ematea

Dagoeneko zabalik dago izen-ematea eta uztailaren 7an amaituko da epea. Parte hartzea doakoa da, plaza kopurua mugatua da eta izen-emate hurrenkera errespetatuko da eskabideak onartzeko. Izena emateko bete formularioa. (Datu horiek erabiliko dira bakar bakarrik ikastaroan plaza erreserbatzeko eta honen kudeaketarako)

Argibideak edo informazio gehiago jasotzeko

Urola Kostako Udal Elkartea

Enpresentzako Zerbitzuak (Rakel / Eli)

  • Tel. 943890808
  • enpresa@urolakosta.eus