Eduki publikatzailea
2022·11·18
Datuak babesteko indarrean den araudiaren arabera, enpresa guztiek nahitaez ezarri behar dituzte pertsonen eskubideak, datuen segurtasuna eta pertsonen informazioa bermatzeko beharrezkoak diren neurri teknikoak eta antolakuntza arloko neurri zehatzak. Langile, bezero, hornitzaile eta abarren datu pertsonalak kudeatzen dituen edozein enpresak egokitu behar du araudi orokorrak jasotzen dituen printzipioetara. Gaur gaurkoz, hori guztia arautzeko indarrean dira Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra (2016/679 UE) eta 3/2018 Datuak Babesteko eta Eskubide Digitalen Bermerako Lege Organikoa.
Gaiaren konplexutasuna dela eta, Urola Kostako Udal Elkarteak tailer praktikoa antolatu du eskualdeko enpresentzat. Helburua da, datuen babesari dagokionez, legeek eta ordenamendu juridikoak arautzen dutena ezagutaraztea eskualdeko enpresa-arduradunei; eta prestakuntza eskaintzarekin batera, ezarpenerako aholkularitza ere eskaintzea.
Lehenik eta behin, parte hartzaileek taldekako prestakuntza jasoko dute. Azaroaren 25ean eta abenduaren 2an izango dira talde prestakuntzako saioak. Aurrez-aurrekoak izango dira (Urola Kostako Udal Elkarteko egoitza nagusian) eta goizez, 09:00etik 13:00etara bitartean eskainiko dira. Hauexek dira taldeko saioetan landuko diren eduki zehatzak:
1. Sarrera. Oinarrizko kontzeptuak eta aplikazio eremua
2. Datuak babesteko printzipio orokorrak eta betebeharrak
3. Datuak Babesteko kontrol entitateak
4. Datuen tratamendua eta lagapena
5. Eskubide digitalak
Taldekako prestakuntzaz gain, enpresa partehartzaile bakoitzarekin bi orduko tutoretza saio bat egingo da. Hala, tailerra amaituta, enpresa partehartzaileek datuak babesteko euren segurtasun sistema egokituta izango dute.
Argibideak eta izen-ematea
Dagoeneko zabalik dago izen-ematea eta azaroaren 22an amaituko da epea. Parte hartzea doakoa da, plaza kopurua mugatua da eta izen-emate hurrenkera errespetatuko da eskabideak onartzeko. Izena emateko enpresa@urolakosta.eus helbidera ondorengo datuak bidali beharko dira:
- Enpresaren izena
- Harremanetarako pertsonaren izen abizenak
- Emaila
- Telefonoa
Datu horiek erabiliko dira bakar bakarrik ikastaroaren kudeaketarako.
Argibide gehiago
Enpresentzako Zerbitzuak (Eli / Rakel)
- Tel. 943890808
- enpresa@urolakosta.eus