Eduki publikatzailea
2023·03·24
#STOP Janari Xahuketa kanpainaren ondotik, #STOP erabilera bakarreko edalontziak kanpaina abiarazi du Urola Kosta Udal Elkarteko Ingurumen Sailak, hain zuzen, edalontzi mota horien erabilera murriztu eta saihesteko.
Izan ere, gaur egun, Urola Kostan urtean erabilera bakarreko 1.398.791 edalontzi erabiltzen direla estimatzen da, oso ohikoa baita, egunerokotasunean, kafea, tea edota bestelako edariak plastikozko edo paperezko edalontzietan hartzea.
Paperezko edalontziak, ordea, konpostagarriak eta birziklagarriak direla pentsatu arren, plastikozko geruza batez (polietilenoa) estalita daude. Plastiko hori, edalontziaren pisu osoaren %5a da eta ekoizte prozesuan energia kontsumo eta CO2 emisio gehiago isurtzen ditu. Gainera, papera eta plastikoa bereizteko prozesua konplexua eta oso garestia denez, birziklatzeko planta askok edalontzi mota hau baztertu eta zabortegietara bideratzen dituzte zuzenean. Polietilenoak, halaber, 30 urte inguru behar ditu deskonposatzeko.
Plastikozko edalontziei dagokienean, plastikoaren ekoizpenak sortzen dituen kutsadura datuetan dago kaltea. Esate baterako plastiko kilo bakoitzeko atmosferara 3.5kg CO2 isurtzen dira. Are gehiago, Nazioarteko Ingurumen Zuzenbideko Zentroko datuen arabera, plastikoaren ekoizpena karbono isurketen %3.8 dira gaur egun eta 2050 urterako %13koa izatera iris daiteke. Eta ez hori bakarrik. Plastikozko edalontzi askok toxina arriskutsuak dituzte material gisa, osasunarentzat kaltegarriak direnak.
Hori guztia jakinda, Urola Kostako Udal Elkarteak abiarazitako kanpainak helburu du erabilera bakarreko edalontziek eragiten dituzten kalteen inguruan herritarrak informatu eta sentsibilizatzea, horrela, edalontzi berrerabilgarrien erabilera indartzeko.
Horretarako, erabilera bakarreko edalontzien inguruko informazioa eta datuak eskuragarri jarriko ditu Udal Elkarteak herritarrentzat ingurumen saileko webgunean eta horrez gain, edalontzi berrerabilgarriak ere banatuko ditu eskualdeko erakunde eta elkarte desberdinetan.
Kafe makina solidarioa
Era berean, edalontzi berrerabilgarrien kanpainaren baitan, Udal Elkarteko langileekin egingo den barne lanketa gisa, egoitza nagusiko kafe makina aldatu da eta, aurrerantzean, kafea hartzeko edalontzi berrerabilgarria erabiltzen dutenek kafea 0.05 zentimo merkeago dute. Horrez gain, kafe bakoitzetik 0.10 zentimo minbiziaren kontrako elkarteari emango dio Udal Elkarteak.
Argibideak eta informazio gehigarria
Urola Kostako Udal Elkartea
Ingurumen saila
- 943 89 08 08
- ingurumena5@urolakosta.eus