Eduki publikatzailea

Atzealdea Edukiontzien erabilera zuzena bultzatzeko kontzientziazio kanpaina berria abiarazi du Urola Kostako Udal Elkarteak

‘Hondakin bakoitza dagokion lekuan’, kanpainaren baitan hiru kamioiren errotulazioa egin eta hainbat bideo labur ekoiztu ditu Udal Elkarteak, hondakin bakoitza bere lekuan botatzearen eta gaika egoki birziklatzearen inguruan herritarrak sentsibilizatu eta kontzientziatzeko.

2023·06·14


Urtero egin ohi duen moduan, Urola Kostako Udal Elkarteko Ingurumen Sailak hondakinen gaikako sailkapenari loturiko kanpaina berria abiarazi du, eskualdeko herritar orori zuzenduta.

Eskualdean gaika biltzen diren hondakinen birziklapen datuak onak diren arren, -% 68,31-, bada oraindik hondakinak edukiontzi okerrera botatzeko joera eta zenbait hondakin, esaterako, etxetresnak edo bolumen handiko hondakinak ordu, egun eta kokapen okerrean ere utzi ohi dira sarritan.

Horrek, noski, eragina du, ez soilik birziklapen datuetan, baita, noski, kaleen garbitasunean edota edukiontzien edukiera zein egoeran ere, herri desberdinetako hainbat gunetan ohikoa bilakatzen ari baita zabor poltsak, kartoi kaxak edota etxetresnak lurrean botata ikustea edo, beste zeinbat kasuetan, edukiontziak gainezka egotea, ez dagozkion hondakinekin beteta askotan.

Hori horrela, Ingurumen Sailak sustatutako kanpaina berriak helburu du edukiontzien erabilera zuzena bultatzea eta gaika modu egokian birziklatzeko hondakin bakoitza bere lekuan botatzearen garrantziaren inguruan herritarrak sentsibilizatu eta kontzientziatzea.

Horretarako, ‘Hondakin bakoitza dagokion lekuan’ lelopean, hondakinak biltzeko 3 kamioi errotulatu dira edukiontzien erabilera egoki hori bultzatzeko mezuekin. Horrez gain, hainbat bideo labur ere ekoiztu dira, sare sozialetan zabaltzeko: Instagram: @ukueingurumena ; Facebook: UKUE ingurumena.

Bideo horietan, egoera desberdinak irudikatzen dira, esate baterako, organiko edo errefusaren edukiontziak zabaltzeko okerreko txartelaren erabilera, zabor poltsa beltzak edukiontzien kanpoan edo lurrean uztea, edukiontzi bakoitzean dagokion hondakinak ez botatzea, kartoia tolestu gabe edota lurrean uztea edota bolumen handiko hondakinak ordu eta egun desegokian botatzea.

Esan bezala, bideo horiekin lortu nahi da herritarrak kontzientziatzea edukiontzien erabilera egokiaren inguruan: txartel zuzena erabiltzea, bolumen handiko hondakinak egun eta ordu egokian botatzea… Azken honen kasuan, hauek dira eskualdeko bost udalerrietan bolumen handiko hondakinak botatzeko egun eta ordu zuzenak:

  • Aia: astelehena, 20:00-22:00
  • Getaria: astelehena, 20:00-22:00
  • Orio: asteartea, 20:00-22:00
  • Zarautz: asteazkena, 20:00-22:00
  • Zumaia: osteguna, 20:00-22:00

Argibideak eta informazio gehigarria

Urola Kostako Udal Elkartea

Ingurumen saila

  • 943 89 08 08
  • ingurumena5@urolakosta.eus