Berriak
Atzealdea

Eguberrietan, ingurumenaren zaintzari buruzko “ZABORRA!” antzezlana eskainiko da herriz herri

Jolas eta abestiekin landutako haurrei nahiz helduei zuzenduriko 45 minutu inguruko ikuskizuna da

2021·12·23


Urola Kostako Udal Elkarteko ingurumen sailaren ekimenez, eta “Katiuska eta Katilu” taldearen eskutik,  datozen asteetan “Zaborra!” antzerki ikuskizuna eskainiko da herriz herri.

Emanaldiaren bitartez, ahalik eta modurik ludiko eta dibertigarrienean ingurumen zaintzari buruzko hainbat gai jorratuko dira. Besteak beste, ekimenak helburu du herritarrengan klima aldaketaren eta hondakinen eta beste zenbait problematika eko-sozialen inguruko hausnarketa eragitea. Antzezlanaren helburua da, modu ludiko batean herritarren kontzientziak astindu eta ingurumenarekiko sentsibilizazioa lantzea jolas eta abestien bidez.

Eguberrietan, herriz herri

Aian, Getarian, Orion, Zarautzen eta Zumaian saio bana egingo da; alegia, guztira, 5 saio egingo dira eskualdean. Eguberrietako opor egunen harira antolatu da haurrentzat, helduentzat eta, batez ere, familientzat aproposa den  antzezlana.

Lehendabiziko saioa Orion egingo da; abenduaren 27an, Kultur Etxean, arratsaldeko 18:00etatik aurrera. Abenduaren 29an Getarian eskainiko da ikuskizuna, ordu berean, Iturzaeta Eskolako aretoan. Eta urte berriarekin batera, urtarrilaren 3an Aian (18:00etan, probalekuan) eta abenduaren 8an Zarautzen (Kiroldegian, 17:30ean) eskainiko da emanaldia. Gaur gaurkoz, itxi gabe dago Zumaiako hitzordua.