Eduki publikatzailea

Atzealdea Enpresa kudeaketari buruzko 6 prestakuntza tailer eskainiko ditu Udal Elkarteak, pertsona ekintzaileei edota mikroenpresetako enpresariei bideratuta

• Guztira 6 prestakuntza tailer eskainiko dira azarotik otsailera bitartean. Tailer guztiak aurrez aurrekoak izango dira Udal Elkartean bertan, eta saio guztietan edo intereseko saio zehatzetan eman daiteke izena.

2025·11·06


Enpresa kudeaketari buruzko tailerrak antolatu ditu Urola Kostako Udal Elkarteko Enpresa Sustapen zerbitzuak EKITEN IKASGUNE 2025 ekimenaren baitan. 2025eko azarotik 2026ko otsailera bitartean, pertsona ekintzaileei eta mikroenpresetako enpresariei bideratutako aurrez aurreko 6 prestakuntza tailer egingo dira.

Ekimenaren helburua da ekintzaile nahiz enpresariei beren enpresa-ideiari edota enpresari buruzko hausnarketa sustatzea, eta kudeaketa eraginkorrago bat lortzeko hainbat erreminta eskaintzea. Hauxe da prestakuntza tailerren eskaintza:

o             2025/11/14: Ekitean jakin beharrekoak eta negozio plana

Ekintzaileek enpresa bat martxan jartzeko prozesuan kontuan hartu beharrekoak azalduko dira: negozio plan bat egiteak duen garrantzia, eta bertan aztertu beharrekoak, besteak beste. Halaber, eduki ditzaketen diru-laguntzen inguruko informazioa ere emango da.

o             2025/11/28: Merkatu azterketa, marketina eta plan komertziala

Ekintzaileak merkatuan beste enpresa batzuekin lehiatu behar du, eta bere bezero potentzialek merkatuan beste aukera batzuk ere badituzte. Hala, komunikazioak produktuak/zerbitzuak merkatuan aurkezteko duen garrantzia azalduko da: plan komertzialaren edukia, marketin online eta sare sozialak...

o             2025/12/12: Enpresaren kudeaketa ekonomikoa

Kudeaketa ekonomikoak eta horren jarraipenak duen garrantzia azalduko da. Ekintzaile bakoitzak bere negozioaren zenbakiak ulertu eta egoki kudeatzea da helburua.

o             2026/01/16: Forma juridikoak eta eratzeko izapideak

Ekiteko era juridiko ezberdinak eta enpresa abian jartzeko egin beharreko izapideak hartuko dira kontutan.

o             2026/02/06: Zerga arloa

Enpresa bat martxan jartzeak dakartzan zerga betebeharrak esplikatuko dira: Ticket Bai, PFEZ, BEZ.

o             2025/02/20: Lan arloa. Langileen autonomoen erregimen berezia

Langile autonomo izateak zein ezaugarri dituen agertuko da: kotizazioa, prestazioak… Langile baten eta autonomo baten desberdintasunak.

Prestakuntza tailer guztiak aurrez aurrekoak izango dira Udal Elkartearen egoitza nagusian, goizez, 09:00etik 13:00era. Saio guztietan edota intereseko saio zehatzetan eman daiteke izena. Plaza kopurua mugatua da eta izen-emate hurrenkera errespetatuko da eskabideak onartzeko.

Izen-ematea: https://form.jotform.com/253061900274349