Berriak
Atzealdea

Elkanoren legatua itsasontziz ezagutzeko aukera izango da udan

Uztailean eta abuztuan zehar, Zumaiatik abiatuko dira irteerak; asteazkenero eta igandero, beti itsasgoran.

2021·07·09


Gaur goizean, Getariako portuan aurkeztu da “Elkanoren talaia: itsas irteera gidatuak” ekimena. Urola Kostako itsas ondarea sustatzeko helburuarekin, Elkanoren legatua ezagutarazteko garatu da proiektua, Lehen Mundu Biraren 500.urteurrenaren harira.

Aurkezpenean izan dira, Jesús María García de Cos Eusko Jaurlaritzako Turismo eta Merkataritzako sailburuordea eta Lourdes Salsamendi Udal Elkarteko lehendakaria, Begi Bistan enpresako eta eskualdeko udaletako ordezkariekin batera.

Lankidetzan, historia berrikusiz

Lankidetza publiko-pribatuan oinarritutako egitasmoa da. Izan ere, Urola Kostako Udal Elkarteak, eskualdeko bost udaletako turismo zerbitzuekin eta Begi Bistan enpresarekin batera landu du proiektua. Elkanoren talaiaren baitan, itsas zeharkaldiak antolatzeko proposamenak hasiera-hasieratik izan du Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta BasqueTour turismoaren euskal agentziaren babesa eta sostengua.

Eskualdeko bost herriak zeharkatuko dira itsasontziz. Uztailean eta abuztuan zehar, Zumaiatik abiatuko dira irteera gidatuak; asteazkenero eta igandero, beti itsasgoran eta Getarian edota Orion egingo dira geldialdiak. Hiru helburu nagusi izango ditu ekimenak:

Alde batetik, eskualdeko kultura ondarearen, itsas ondarearen sustapena egin nahi da ekimenaren bitartez. Lourdes Salsamendik azaldu duenez “turismo aktiboaren bitartez, helburua da itsas kultura balioan jartzea, gure itsas ondarea ezagutzea eta ezagutaraztea”. 

Elkanoren legatua ezagutzeko, ordea, “Getariatik haratago” joan nahi izan da eta eskualdeko bost udalerriak elkartu nahi izan dira: hain zuzen ere, “itsasoarekin lotura estua duen gizarte baten, gure eskualdearen, kulturaren berri emateko”. Urola Kostako Udal Elkarteko lehendakariak azaldu duenez, eskualdeko bost herrien garapen sozioekonomiko nahiz kulturala “erabat baldintzatu eta ezaugarritu du itsasoak” eta “itsas-irteerek gure historia propio eta komun bat berrikusi eta ber-aurkitzeko aukera eskainiko digute”.

Bide batez, Urola Kostako bost udalerriak helmuga-turistiko erakargarri gisara indartzen jarraitzeko asmoa berretsi du Udal Elkarteko lehendakariak: “familia-turismoari begirako eskaintza zabalduz, ekoturismoaren eta turismo eredu-jasangarri baten aldeko apustu irmoa egiten jarraituko dugu”.  Ildo horretan, ekimenaren sustatzaileek dei egin diete herritarrei, bertakoei nahiz kanpotik datozen bisitariei, garraio publikoz edota oinez etor daitezen Urola Kostara.

Ordutegiak eta erreserbak

Itsas irteerei buruzko informazio guztia Begi Bistan enpresaren webgunean dago eskuragarri. Edozein kasutan, argibide gehiago nahi izanez gero, Aiako Kultur Etxean edota Getariako, Orioko, Zarauzko eta Zumaiako turismo bulegoetan ere eskainiko da informazioa.

  • Aiako Kultur Etxea kulturetxe@aia.eus (943 13 09 24)
  • Getariako Turismo Bulegoa turismo@getaria.eus (943 14 09 57)
  • Orioko Turismo Bulegoa turismo@orio.eus (943 83 55 65)
  • Zarauzko Turismo Bulegoa turismoa@zarautz.eus (943 83 09 90)
  • Zumaiako Turismo Bulegoa turismoa@zumaia.eus (943 14 33 96)