Eduki publikatzailea

Atzealdea Elkanoren ondarea ezagutarazteko berrikuntzekin dator aurten ‘Elkanoren Talaia’ ekimena

Itsas-zeharkaldiak euskaraz zein gaztelaniaz eskaintzeaz gain, aurten, ingelesezko zein frantsesezko audiogidak eskainiko dira, nazioarteko herrialdeetatik datozen bisitariek ere esperientziaz bere hizkuntzan gozatzeko aukera izan dezaten. Elkanoren Talaiaren helburua da Elkanoren ondarea ezagutzera ematea eta Urola Kostako itsas-ondarea ere balioan jartzea.

2023·06·08


Badator uda, eta, horrekin batera, badatoz, baita ere, gure eskualdea, paisaiak, natura, kultura, hizkuntza eta gastronomia ezagutzera datozen lehen bisitariak ere.

Eta turisten bisitaldiaren zein esperientziaren parte garrantzitsu gisa, hirugarren urtez, ‘Elkanoren Talaia´ ekimena aurkeztu dute gaur prentsaurreko bidez Urola Kostako Udal Elkarteak eta Begi Bistan enpresak, Elkanoren ondarea ezagutaraztea eta Urola Kostako itsas-ondarea balioan jartzea helburu duen ekimena, alegia.

Izan ere, gauza jakina da Urola Kostak lotura zuzena eta estua duela itsasoarekin, baita Elkanorekin ere, azken hau getariarra izateaz haratago, munduari bira emateko erabili zuen ontzia euskal ontzioletan eraikia izan zelako ere.

Hori horrela, ‘Elkanoren Talaiak itsas-zeharkaldi gidatu paregabeak eskaintzen ditu eta esperientzia turistiko gisa eskualdea bisitatzen dutenei Urola Kostako historia berreskuratu eta ezagutzeko aukera eskaintzen die’, adierazi du Lourdes Salsamendik, Urola Kostako Udal Elkarteko lehendakariak.

Audiogidak ingelesez eta frantsesez

Arlo publikoaren eta pribatuaren arteko lankidetzari esker sortutako ekimen honek hiru urte bete ditu jada aurten eta ‘gaur arte, harrera ezin hobea izan du bisitarien artean’, azaldu du Salsamendik. ‘Urola Kostako itsas ondarea eta Elkanoren irudia ardatz hartuta, Elkanoren Talaiak balioan jartzen ditu eskualdeko ingurumena, kultura zein historia, eta, gainera, gure arbasoek zeharkatu dituzten uretan nabigatzeak eragiten duen zirrara hori ere sentiarazten die bidaiariei’, gehitu du Salsamendik.

Urtero bezala, itsas zeharkaldiak 45, 90 edo 180 minutukoak izango dira eta euskaraz zein gaztelaniaz eskainiko dira, baina aurten, berrikuntza gisa, ingelesezko eta frantsesezko audiogidak ere eskainiko dira esperientziaz beren hizkuntzan gozatu nahi duten atzerritarrentzat. ‘Gure helburua da Urola Kostara datozen bisitariek esperientzia bizi eta ahalik eta gehien gozatzea eta, horretarako, 'Elkanoren Talaia' funtsezko ekimena da, honen bitartez eskaintzen baitzaie bisitariei gure gizartearen jatorria eta gure egungo kultura, itsasoari loturiko kultura, ezagutzeko aukera’, azaldu du Urola Kostako Udal Elkarteko lehendakariak.

Era berean, Naiara Malavek, Begi Bistan enpresako zuzendaritzako kideak, zeharkaldien inguruko xehetasunak eman ditu. ‘Ekimena dagoeneko martxan da eta igandero eskaintzen dug irteera bat. Hala eta guztiz ere, uztailean eta abuztuan asteazken zein igandetan egingo ditugu itsas-irteerak, beti ere, itsasgora uneetan’.

Hauek dira ‘Elkanoren Talaia’ itsas-zeharkaldiek jasotzen dituzten ibilbide motak:

1. 45 minutuko itsas-irteerak:

  • Zumaiatik Getariara
  • Getariatik Oriora
  • Oriotik Getariara
  • Getariatik Zumaiara

2. 90 minutuko itsas-irteerak:

  • Zumaiatik Oriora (Getarian geldiunea eginez, itsasontzitik jaitsi gabe)
  • Oriotik Zumaiara (Getarian geldiunea eginez, itsasontzitik jaitsi gabe)
  • Getariatik Getariara (Orion geldituz)

3. 180 minutuko itsas-irteera

  • Zumaiatik Zumaiara, Getaria eta Orioko portuetan sartuz.

Ekimenari buruzko informazio guztia, itsas-zeharkaldiak, prezioak eta ordutegiak, eta erreserbak www.begi-bistan.com/eu/territorio-elkano/ webgunearen bidez kontsultatu eta egin daitezke.

Informazio gehiagorako edota kontsultak egiteko

Naiara Malavé

  • naiara@begi-bistan.com
  • 654 980 067