Eduki publikatzailea

Atzealdea Energia aurrezteko eta ekonomia zirkularra sustatzeko azterketak egingo ditu Urola Kostako Udal Elkarteak industria eta zerbitzuetako eskualdeko enpresekin

Egitasmoaren lehen aurkezpen saioa ekainaren 15ean egingo da, zerbitzu enpresei zuzenduta eta bigarrena, 16an, industria alorreko enpresentzat, biak, online. Helburua da proiektuaren berri eman eta enpresei energia kontsumoen azterketa bat jasotzeko aukera ematea, fakturazio azterketa baten bitartez zero edo kostu baxuko energia aurrezteko neurriak bilatzeko. Horrez gain, eskualdeko Energia eta Klima Mahaiaren sorrera eta dinamizazioa ere sustatuko ditu Udal Elkarteak, energia eraginkortasunaren bidean urratsak ematen jarraitzeko.

2023·06·09


Urola Kostako Udal Elkarteak apustu irmoa egiten du jasangarritasunaren alde, eta bide horretan, energia eraginkortasuna lortzea helburu estrategiko bat da. Horretarako, hain zuzen, eskualdeko 2022-2026 Energia Plana garatu zuen 2021ean eskualdeko herritar, enpresa, ekintzaile eta gainerako eragileekin lankidetzan.

Energia Planak energia kontsumoa gutxitzeko, jasangarritasun energetikoa bultzatzeko eta klima- aldaketari aurre egiteko hainbat ekintza jasotzen ditu. Eta hain zuzen ekintza horiei jarraiki, 2023an eskualdeko energia eraginkortasuna eta berriztagarriak bultzatzea du ardatz Udal Elkarteak eta horretarako, lehenik eta behin, energia aurrezteko eta ekonomia zirkularra sustatzeko egitasmoaren aurkezpen saioak eramango ditu aurrera, eskualdeko industria eta zerbitzuetako enpresekin. "Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Urola Kostako Udal Elkartearen arteko jasangarritasun energetikoaren arloan 2022an sinatutako eskualdeko hitzarmenaren baitan garatuko da".

Saio horien helburu nagusia da energia zein ekonomia zirkularraren alorrean eskualdeko zerbitzu eta industria enpresek dituzten beharrak antzematea eta horien eraginkortasuna hobetzeko neurriak, laguntza teknikoa eta aholkularitza eskaintzea, haien lehiakortasuna hobetze aldera. Aurkezpen saioen bitartez proiektua aurkeztu eta enpresei energia kontsumoen azterketa bat jasotzeko aukera eskainiko zaie, fakturazio-azterketa baten bidez zero edo kostu baxuko energia aurrezteko neurriak bilatuz. Bide horretan, besteak beste, enpresetan sentsibilizazioa landu, berotegi-efektuko gasen isurketak gutxitu edota energia berriztagarrien erabilera sustatu nahi dira.

Hori horrela, lehen saioa ekainaren 15ean egingo da, 14:30ean, online, zerbitzu enpresentzako eta bigarrena hilaren 16an izango da, kasu honetan industria enpresei zuzenduta, 12:30ean, online hau ere.

Proiektuaren bitartez energia-komunitateen, autokontsumo kolektiboaren eta hondar beroaren berreskurapenaren azterketak ere egingo ditu Udal Elkarteak.

Izen ematea

Azterketa saio horietan parte hartu nahi duten enpresek aurrez izena eman beharko dute, beranduenen, ekainaren 14rako. Izena emateko enpresa@urolakosta.eus helbidera idatzi behar dute eta enpresaren izena, kontaktuko datuak eta zein eguneko saioan parte hartu nahi duten adieraziz.

Eskualdeko Energia eta Klima Mahaiak

Azterketa saioekin batera, Urola Kostako Udal Elkarteak eskualdeko Energia eta Klima Mahaiak eratzeko prozesua abiarazi du, jasangarritasunaren bidean urratsak emanez jarraitzeko. Ildo horretan, Mahai horien bitartez, helburua da Urola Kostako Energia Planaren jarraipena, mantenua eta berrikustea egitea eta bertan jasota dauden ekintzak aurrera eraman eta garatzea.

Horretarako bi mahai dinamizatuko ditu Udal Elkarteak: ‘Energia Mahai publikoa’ eta ‘Jasangarritasuna energetikorako partaidetza batzordea’, mahai publiko-pribatua izango dena, Energia Mahaiko partaideez gain, jarduera ekonomikoak zein bestelako eragileak barneratzen dituen enpresez, ikastetxeez, prestakuntza zentroez etab. osatuta.

Energia mahai publikoen bilerekin uztailean hastea aurreikusten da eta publiko pribatuak uda ondoren, iraila inguruan, alegia.

Argibideak eta informazio gehiago

Eli Uzkudun / Idoia Etxarri

  • 943 890808
  • enpresa@urolakosta.eus