Eduki publikatzailea

Atzealdea Energia jasangarri eta ez kutsagarri baten alde lanean jarraitzeko proposamenak jarri ziren mahai gainean Zarauzko Agenda 2030eko Udal Foruan

Bizikleta publikoak jartzea, herriko bidegorri sarea handitzea edota energia berriztagarrien garrantziaren inguruko kontzientziazioa bultzatzea izan ziren Zarauzko ikastetxeetako ikasleek egindako proposamenetako batzuk. Agenda 2030 ekimena Urola Kostako Udal Elkarteak sustatu eta kudeatzen du eskualdeko herrietan eta helburu du garapen jasangarriarekiko konpromisoak ikastetxeetara hurbiltzea.

2023·06·09


Joan den maiatzaren 17an Agenda 2030eko Udal Forua ospatu zen Zarautzen. Bertan Antoniano, Lizardi, Orokieta, La Salle, Oteitza Lizeo Politeknikoa eta Salbatore Mitxelenako ikasle zein irakasleek hartu zuten parte, baita Zarauzko Udaleko hainbat udal ordezkarik ere, hala nola, alkateak, alkateordeak eta Ingurumena, Berdintasuna eta Agenda 21eko Zinegotziak ere.

Urola Kostako Udal Elkarteak eskualdeko ikastetxeetan sustatu eta kudeatzen duen Agenda 2030 ekimenak helburu du, hain zuzen, garapen jasangarriarekiko konpromisoak ikastetxeetara hurbiltzea. Bide horretan, Udal Foroan ikasleek energiaren inguruan egindako lana eta Eskolarteko Foroan adostutako proposamenak aurkeztu zizkien udal ordezkariei. Horri jarraiki, herri mailan energia jasangarri eta ez kutsagarri baten alde lan egiten jarraitzeko landutako hainbat proposamen jarri zituzten ikasleek mahai gainean.

Energia berriztagarrien garrantziaren inguruko kontzientziazioa bultzatzea, bizikleta publikoen sustapena zein Zarauzko bidegorrien handitzea, ikastetxeetara bizikletaz joan-etortzeko baliabideak zein kontzientziazio kanpainak egitea eta energia eskasiaren inguruko kontzientziazioa sustatzea izan ziren ikasleek egindako proposamenak.

Erantzun modura, eskaera horiek Zarauzko Udala garatzen ari den plangintza ezberdinekin bat egiten dutela adierazi zuten udal ordezkariek eta datorren ikasturterako ideia horiek ikastetxeekin elkarlanean eta modu koordinatuan ahal den neurrian garatzeko plangintza bat egiteko konpromisoa adierazi eta hartu zuen Zarauzko Udalak.