Eduki publikatzailea

Enpresa topaketa antolatu du Urola Kostako Udal Elkarteak ETE Digitala programaren baitan

Jardunaldia programaren aurreko deialdietan parte hartu duten enpresei zuzenduta dago, baita digitalizaziorantz urratsak eman nahi dituztenei ere. Topaketa uztailaren 14an izango da, Urola Kostako Udal Elkarteko areto nagusian eta izen-ematea jada zabalik dago, uztailaren 4ra arte.

2023·06·30


Gaur egun, digitalizazioa funtsezko aldagaia bihurtu da enpresen eraldaketa eta hazkunderako. Garrantzi horretaz jabetuta, Urola Kostako Udal Elkarteak eskualdeko enpresen ahalduntze digitaleko prozesuan bidelagun izan nahi du, haien eraginkortasuna eta lehiakortasuna hobetzeko beharrezkoak diren tresnak eta ezagutza eskainiz.

Horri jarraiki, ETE Digitala programaren baitan, eskualdeko enpresa txiki eta ertainen eraldaketa digitala bultzatzeko enpresa-jardunaldia antolatu du. Jardunaldi hori uztailaren 14an izango da, Urola Kostako Udal Elkarteko areto nagusian eta digitalizaziorantz urratsak eman nahi dituzten enpresariak eta ekintzaileak biltzea du helburu.

Jardunaldi horrek ordu eta laurdeneko iraupena izango du gutxi gorabehera, eta enpresa-eremuan digitalizazio-prozesuak ezartzearen garrantzia nabarmenduko duten hainbat jarduera eta hitzaldi eskainiko ditu. Bertaratzen direnek eraldaketa digitalerako urratsa eman duten enpresen testigantzak entzuteko aukera izango dute, euren esperientzietatik eta jardunbide egokietatik ikasiz.

Enpresa-topaketa Urola Kostako ETE Digitala programako aurreko deialdietan parte hartu duten enpresen eta digitalizaziorako lehen urratsak eman nahi dituztenen arteko topagunea ere izango da. Jardunaldian, ETE Digitala programari buruzko informazio praktikoa partekatuko da, eta enpresaburuei ETE Digitala Urola Kostan. Jardunbide Oneko Gida eskainiko zaie, ekimen horretan sartzeko eta haien onurak ahalik eta gehien aprobetxatzeko.

Ekimen hau “ETEen (ETE Digitala) eraldaketa digitalaren esparruan toki-garapenaren arloko lankidetza gobernantza bultzatzeko’ 2022an Gipuzkoako Foru Aldundiarekin sinatutako hitzarmenaren baitan finantzatuta dago.

Izen ematea

Digitalizazioa enpresen hazkunderako eta garapenerako aukera paregabea da, eta Urola Kosta Udal Elkarteak antolatutako topaketak etorkizun digital horretarako abiapuntua izan nahi du.

Jardunaldi honetarako plazak mugatuak direnez, parte hartu nahi duten enpresa guztiek uztailaren 4a baino lehen bidali beharko dute izena emateko inprimakia.

Egitaraua

  • 9:30. Ongi-etorria
  • 9:35. Digitalizazioa eta 4.0. teknologia
  • 9:50. ETE Digitala Urola Kostan. Jardunbide Oneko Gidaren aurkezpena
  • 10:00. Mahai-ingurua (digitalizazio prozesua txertatu duten Urola Kostako enpresekin). 10:35. ETE Digitala, programaren inguruko informazio praktikoa.
  • 10:45. Gosaria

Informazio gehiagorako

Urola Kostako Udal Elkartea

Enpresa zerbitzua (Aintzane Ruesgas)

  • 943 89 08 08
  • enpresa@urolakosta.eus