Eduki publikatzailea

Atzealdea Enpresen digitalizaziora bideratutako hiru tailer teknologikoetarako izen ematea ireki da

• Parte-hartzaileek ikasi ahal izango dute lanen eta taldeen kudeaketa modu digitalean nola egin; mugikorrean laguntzaile adituak erabiltzen; edo IA bidez zereginak automatizatzen eta akatsak saihesten • Ekimen hau SPRIren Inplantalariak programaren baitan garatzen da, eta sektore teknologikoko profesional espezializatuek eskainiko dute. • Tailer guztiak Urola Kostako Udal Elkartearen egoitzan emango dira, 09:15etik 12:15era, eta izen-ematea zabalik dago jada.

2026·01·20


Urola Kostako Udal Elkarteak INPLANTALARIAK programaren baitan prestakuntza zikloa abiarazi du, enpresen digitalizaziora bideratutako tailer teknologikoen bidez, haien lehiakortasuna, eraginkortasuna eta egungo ingurune digitalera egokitzeko gaitasuna hobetzeko helburuarekin. Izan ere, azken urteetan Udal Elkarteak enpresa txiki eta ertainen digitalizazioan laguntzeko hainbat programa eta ekimen jarri ditu abian, eta lanketa horretan kokatzen da egitasmo hau ere.

Ekimen hau SPRIren Inplantalariak programaren baitan garatzen da, eta sektore teknologikoko profesional espezializatuek parte hartuko dute, enpresei beren errealitateari, gaitasunei eta negozio-helburuei egokitutako irtenbide digitalak identifikatzen eta ezartzen laguntzeko.

Tailerrek prestakuntza praktikoa eta aholkularitza uztartuko dituzte, parte-hartzaileak egunerokoan aplikatu ditzaketen teknologien erabileran gaituz. Horrez gain, zalantzak argituko dira, tresna digitalen erabilera sustatuko da.

Saio guztiak Urola Kostako Udal Elkartearen egoitzan egingo dira, 9:15etik 12:15era.

Digitalizazioan aurrera egiteko hiru tailer praktiko

Programa hiru tailer independentez osatuta dago, eraldaketa digitalaren arlo garrantzitsuetan zentratuta:

1. tailerra. Kudeatu zure lanak eta taldeak modu digitalean

Otsailak 5

Tailer hau tresna digitalen bidez zeregin eta proiektuen kudeaketa hobetzean oinarrituko da. Parte-hartzaileek lana sistema zentralizatuetan antolatzen, metodologia arinak aplikatzen, datuak jatorritik digitalizatzen eta taldeak koordinatzen ikasiko dute. Horretarako erabiliko dituzten zereginen kudeatzaileak, agenda partekatuak, online arbelak eta formulario digitalak.

Onuren artean daude atzerapenak murriztea, paperaren ezabaketa, akatsen gutxitzea eta jarraipen-bileretan ematen den denboraren murrizketa.

2. tailerra. Izan zure bulegoa eta laguntzaile adituak mugikorrean

Martxoak 5

Saio honetan bulego mugikorraren kontzeptua landuko da, edonondik negozioaren dokumentaziora eta egoerara modu seguru batean nola sartu azalduz. Mugikorreko adimen artifizialeko laguntzaileekin lan egingo da, zereginak arintzeko, profil oso espezializatuekiko mendekotasuna murrizteko eta kanpoko lana errazteko.
Enpresek negozioaren kontrol handiagoa, desplazamendu gutxiago, landa-eremuko kudeaketa arinagoa eta paperaren erabileraren murrizketa nabarmena lortuko dituzte.

3. tailerra. Automatizatu zereginak eta saihestu akatsak IAren bidez

Maiatzak 7

Azken tailerra adimen artifiziala erabiliz zeregin errepikakor eta ohikoak automatizatzera bideratuko da. Posta elektronikoa automatikoki kudeatu eta sailkatzen, dokumentazioa laburbiltzen, bilerak transkribatzen, datuak akatsik gabe jasotzen eta negozio bakoitzerako IAko laguntzaile egokiena aukeratzen erakutsiko da.

Horrek guztiak lagunduko du administrazio-lanetan ematen den denbora nabarmen murrizten, akats gutxiago izaten, erantzuteko abiadura handitzen eta langile bakoitzarentzat 24/7 eskuragarri dauden laguntzaile adimendunak ezagutzen.

Informazioa eta izen-ematea

Parte hartu nahi duten enpresek informazio gehiago eskuratu dezakete enpresa@urolakosta.eus helbide elektronikora idatziz edo 943 890 808 telefonora deituz.