Eduki publikatzailea
Atzealdea Enpresen ondorengotza eta esku-aldatzea sustatu eta bermatzeko programa berria jarri du martxan Urola Kostako Udal Elkarteak
2022·12·02
Eskualdearen garapena eta biztanleen ongizatea estuki lotuta dago eskualdean kokatutako enpresa-sareak eragiten duen jarduera ekonomikoarekin. Hain zuzen ere horregatik, ezinbestekoa da enpresa eta negozio berriak sortzeko edota dagoeneko martxan dauden enpresak lehiakorrak izateko eta enpresa lehiakorren jarraipena sustatzeko testuinguru egokiak eskaintzea.
Hori horrela izanik, Urola Kostako Udal Elkarteak, eskualdeko enpresen iraunkortasunaren eta jarraipenaren aldeko apustuan, "Enpresen jarraipenerako beharren detekzio goiztiarra" egitasmoa jarri du martxan. Izan ere, gaur egun datu zehatzik ez daukagun arren, eskualdeko enpresa eta negozio ugarik ondorengotzari aurre egin beharko diete datozen urteotan; eta asko dira oraindik gaia bideratu gabe dutenak. Eta, noski, hori kezka iturria da Urola Kostako Udal Elkartearentzat.
Ekimen honen helburua da, beraz, Urola Kosta eskualdeko enpresaburu eta enpresa jabeen erretiroak ahalik eta kalterik txikiena eragitea eskualdeko ekonomian eta, horrekin batera, erretiro horien eraginez eskualdeko enpresetako lanpostuak ez suntsitzea eta enpresa-sarean eragin negatiborik ez izatea. Era berean, programa honen bitartez eskualdeko enpresen errotzea edota lehiakorrak diren eskualdeko enpresek ekintzaileei bide berri errentagarriak eskaintzea bilatu nahi da.
Egitasmoaren inguruko xehetasunak
Ondorengotza edo eta transmisio prozesuak denborarekin kudeatu beharreko gaiak dira. Hau da, bereziki erretiroak eragindako ondorengotza eta eskualdatze kasuak aurrez planifikatu eta kudeatu beharreko gaiak dira, eskualdatzea ahalik eta modurik "leunenean" eman dadin.
Horregatik, egitasmo hau datozen 10-12 urteko epean erretiroa hartuko duten enpresa txiki edo mikro-enpresen buru zein negozio jabeei zuzenduta dago, baita erretiroaz gain beste edozein arrazoirengatik enpresa lehiakorrak transmititzeko asmoa duten enpresariei ere, edozein delarik horien alor ekonomikoa. Nolanahi ere, egitasmo honek "Berriz enpresa" eta "Jarraipena" programen osagarri izango da.
Ekimen honen bidez, enpresek beren jarraipenerako behar dituzten sustapena eta laguntza era integralean landuko da: ondorengotza edo eta transmisio prozesu bati aurre egin beharko dioten enpresen identifikazioa; ondorengotza/transmisioak denborarekin planifikatzeko beharraren sentsibilizazioa; prestakuntza; banakako esku-hartzeak; eta eskualdatzean interesa izan lezaketen enpresen eta ekintzaileen arteko zubi-lana, besteak beste.
Egitasmo hau Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapeneko, Turismoko eta Landa Inguruneko Departamentuak finantzatzen du, Eskualdeak 2022 programaren baitan.
Ekimenari hasiera emateko saioa, abenduaren 14an
Ekimerari hasiera emateko, "Enpresen segida/ transmisio ordenaturako aurretiazko gogoetak" saioa antolatu du Urola Kostak Udal Elkarteak abenduaren 14rako, goizeko 09:30etik 11:30era Udal Elkartean bertan.
Argibideak eta informazio gehigarria
Informazio gehiago jasotzeko, edota ekimenean izena emateko, idatzi iezaguzu e-mail bat edo jarri harremanetan telefono bidez:
Enpresentzako Zerbitzuak (Eli Uzkudun)
- enpresa@urolakosta.eus
- Tel. 943890808