Eduki publikatzailea
Atzealdea Enpresetara talentua erakartzeko eta industriaguneetan berrikuntza sustatzeko programak martxan
2025·10·31

Urola Kostako Udal Elkarteak hainbat ekimen ditu orain bertan abian, eta horien artean daude BertanIn eta Industriaguneak Bizirik. Biak ala biak dira eskualdeko lantokiei bultzada emateko sortuak. Orain, bi ekimen horietan parte hartzeko aukera dute Urola Kostako enpresa eta lantokiek. Bi proiektuak Gipuzkoako Foru Aldundiak finantzatu ditu, Eskualdeak 2025 hitzarmenaren baitan.
BERTANIN, enpresa erakargarriak eta lehiakorrak
Talentua aurkitzea eta langile berriak fidelizatzea da gure eskualdeko enpresek duten erronka handienetako bat. Errealitate horren jakitun, Urola Kostako enpresei, lantoki erakargarriagoak eta lehiakorragoak izaten laguntzeko programa bat jarri du martxan UKUEk.
Exekuzio azkarreko programa bat da. Behaketa-prozesu labur baten bidez, enpresa bakoitzarentzat hobekuntza-planak definitzen dira, hala, enpresak zuzenean jakin dezake non eragin hautagaientzat erakargarriagoa izateko.
Lan-ildo honen bidez langileen inguruan enpresak dituen balioak aztertuko ditu; talentuarentzat erakargarria egingo duten ekintza-plana zehatza definitu dezake; eta talentua erakartzeko eta fidelizatzeko tresnak eta praktika onak ezagutuko ditu.
INDUSTRIAGUNEAK BIZIRIK, lankidetza gune bat sortuz
Bigarren ekimen honen helburu nagusia da industriagunetan dinamismoa eta berrikuntza sustatzea, enpresen arteko lankidetza gune bat sortuz; eta Urola Kosta eskualdeko industriaguneen komunitate sendoa eraikiz.
Ekimena martxan jartzeko, ezinbestekoa da enpresen errealitatea hurbiletik ezagutzea. Horretarako, Urola Kostako Udal Elkarteak eskualdeko industrialdeetan kokatutako enpresen diagnostikoa egingo du lehenengo. Galdetegi labur bat beteta, erantzunekin diseinatu eta landuko dira gerora ekimenak izango dituen gaiak eta ekintzak. Beraz, ekimenean parte hartu nahi duten enpresei diagnostikoa egiteko eskaera egin die UKUEk: https://labur.eus/industriaguneakdiagnostikoa
Diagnostiko honen emaitzak aurkeztu eta Industriagunea Bizirik ekimena aurkezteko, bestalde, azaroaren 20an lehen topaketa antolatu da, Urola Kostako Udal Elkartearen egoitza nagusian. Ekitaldi hau, industriaguneetako enpresen arteko komunitatea sortze aldera lehen urratsa izango da. Topaketa honek enpresen arteko lankidetza-gune bat irekiko du, baterako proiektuak eta negozio-aukera berriak sustatuz. Gainera, enpresekin elkarlanean, datozen urteetarako komunitatearen lan ildo nagusiak definituko dira.
Topaketan izen-emateko: https://labur.eus/industriaguneakbizirik
Informazio gehiago: enpresa@urolakosta.eus
943 890808