Eduki publikatzailea

Atzealdea Epe ertain eta luzera eskualdeko enpresen ondorengotza bermatzeko programa berria abiarazi du Urola Kostako Udal Elkarteak

‘Enpresen Ondorengotza Programa: etorkizunera begiratzeko funtsezko giltzarriak’ izenpean, programa honek, negozioaren transmisioan laguntzeaz gain, enpresaren estrategia eta kudeaketa hobetzeko aukera eskainiko du, erreleboaren ondoren negozioaren jarraipena finkatzeko. Helburua da eskualdeko enpresen jarraipena bermatzea, epe ertain eta luzera haien jasangarritasunean eragina izan dezaketen arrazoi nagusiak jorratuz, hala nola enpresen ondorengotzari, kudeaketaren optimizazioari edota eskualdeko talentuari lotutako gaiak.

2023·06·23


Garapen ekonomikoa eta biztanleriaren ongizatea eskualdeko enpresa-sarearekin estuki lotuta daude.

Hori horrela izanik, Urola Kostako Udal Elkarteak eskualdean errotuta dauden negozioei laguntza eskaini nahi die eta horretarako ‘Enpresen ondorengotza: etorkizunera begiratzeko giltzarriak’ programa jarri du abian. Izan ere, gaur egun oraindik enpresa asko dira ondorengotza planik ez dutenak edota hausnarketa estrategiko sendorik egin ez dutenak, gerora, enpresen jarraipenean eragina izan dezaketen espero zein ezusteko gertakarien aurreran prest egoteko.

Beraz, enpresen beharren detekzio goiztiarra da ekimen honen helburu nagusia, modu horretara, Urola Kostako enpresen jarraipena epe luzera bermatzeko eta horrekin batera, etorkizunera begira horien iraunkortasuna, lehiakortasuna eta garapena ere bermatzeko. Izan ere, ez dira enpresen ondorengotza edota jabetza aldaketak soilik negozio baten jarraipena arriskuan jar dezaketen aldagaiak.

Horregatik, enpresen egoera hiru mailatan aztertuko da:

  • Jabetza: enpresa-ondorengotza, jabetza-aldaketak…
  • Enpresa-kudeaketa: ingurunearen joerak, kudeaketa estrategikorako tresnak, negozioan eragina duten aldagaien detekzioa…
  • Talentua eta taldea: taldearen motibazioa eta inplikazioa eta hazteko duen gaitasuna.

Ikuspegi bikoitzeko programa: talde-prestakuntza eta banakako aholkularitza

Enpresentzat ezinbestekoa da etorkizunean enpresaren iraunkortasuna jokoan jar lezaketen ekintzei aurrea hartzea, eta hori bereziki garrantzitsua da aurreikus daitezkeen egoerez ari garenean: ondorengotza, jabetza-aldaketak, hobetu daitezkeen kudeaketa-elementuak, espero diren erregulazio-inpaktuak, talentuaren aldeko borroka Euskadin…

Horregatik, proiektu hau beren negozioen jarraipena sendotu nahi duten enpresei zuzenduta dago. Horrela, proiektuaren fase hau uztailean hasi eta 2023ko urrian amaituko da, eta ikuspegi bikoitzarekin lan egingo da:

  • Informazio gehiago nahi duten enpresei talde-prestakuntza saioak eskainiko zaizkie, taldea gehien kezkatzen duten gaiak jorratzeko.
  • Gainera, aholkularitza indibidualizatuagoa nahi duten enpresentzat, prestakuntza-saioez gain, aholkularitza-zerbitzua ere eskainiko zaie. Bertan, diagnostiko zehatza egiteaz gain, enpresa bakoitzeko ibilbide-orri indibidualizatu bat diseinatuko da.

Proiektu osoak Gipuzkoako Foru Aldundiaren dirulaguntza du, "Gipuzkoako Eskualdeen Sustapena: Urola Kosta ekimena sustatzeko" programaren baitan.

Izen-ematea

Parte hartu nahi duten enpresek aurrez izena eman behar dute ondorengo esteka beteaz.

Argibideak eta informazio gehiago

Urola Kosta Udal Elkartea

Enpresa zerbitzua

  • enpresa@urolakosta.eus
  • 943 89 08 08