Berriak
Atzealdea

Eskolako Agenda 2030 eta hondakinen prebentzioaren inguruko sentsibilizazio kanpainak eskualdeko ikastetxeetan

Udal Elkarteko Ingurumen Sailaren eskutik, 2021-2022 ikasturtean ere martxan dira ingurumen, jasangarritasun eta hondakin-prebentzioari buruzko sentsibilizazio egitasmoak eskualdeko ikastetxeetan

2021·10·29


Eskola Agenda 2030

Eskola Agenda 21a zena, egun Eskola Agenda 2030, garapen iraunkorreko ingurumen hezkuntza lantzeko tresna da. Egitasmoa Nazio Batuetako Erakundeak adostutako Garapen Jasangarrirako zehaztutako 17 helburuetan oinarritzen da. Azken xede nagusiak dira mundu mailako pobrezia desagerraraztea, planeta babestea eta pertsona guztiei oparotasuna bermatzea.

Aurtengoan,  haur hezkuntzatik hasi eta lanbide hezkuntzaraino, eskualdeko 12 ikastetxek hartuko dute parte ekimenean eta Agenda 2030 egitasmoko 15.en helburua landuko dute ikasleek: Zelaiak, larreak eta landare itsutasuna.

Zelaiak, belardiak eta larreak biodibertsitatez beteriko ekosistemak dira. Eta belarra altxor preziatua da Euskal Herriko baserrientzat. Lurraren azalera kontinentalaren laurdena belardiz estalita dago. Belardietako landarediak eta lurzoruak karbono-hustuleku gisa erabiltzen dira, eta klima aldaketaren aurkako borrokan estrategikoak dira. Belardi eta larreak behatu, ikusgarritasuna eman eta ingurumen jasangarriago baten alde duten balioa aitortzeko eskola komunitate guztiarengan (ikasle, irakasle-langile, guraso)  eragitea du xede ekimenak.

Badira urte batzuk Udal Elkartea eta eskualdeko udalak eta ikastetxeak Eskolako Agenda 21 egitasmoa lantzen hasi zirela. Zarautzen 2002-2003 ikasturtean hasi ziren eta gainontzeko herrietan 2005-2006 ikasturtean. 2005. urteaz geroztik Udal Elkarteak koordinatzen du egitasmoa.

Hondakinak: prebentzioa eta autokudeaketa

Ikastetxeetan hiri hondakinak murriztu, berrerabili, birziklatzea bultzatu eta konpostaren kudeaketa dinamizatzeko kanpaina ere martxan da. Pandemia gorabehera, 2020ko martxoan ekimena eten egin bazen ere, 2021-2022 ikasturte berria hastearekin batera heldu zaio berriz egitasmoari. Helburua da hondakinen prebentzioaren eta birziklatzearen inguruan sentsibilizatzea; bereziki konposta egitearen bidez, jatorri organikoko hondakinen autokudeaketan eragiteko.

Alde batetik, ikasgeletan hondakinen prebentzioaren eta birziklatzearen gaiak landuko dira; material didaktikoz lagunduta eta Garbiguneetara ere egingo dira bisita-irteerak ikasleekin. Bestetik, ZiSare konpostajearen aldeko ikastetxe sarearen baitan, materia organikoaren kudeaketari lotutako ekintzak bideratuko dira. Hain zuzen ere, ikastetxeetako konpostagailuen jarraipena egiteaz gain, hiru formazio tailer eskainiko dira.

Guztira, Getariako, Orioko, Zarauzko eta Zumaiako 11 ikastetxek egin dute bat ekimenarekin.