Eduki publikatzailea

Atzealdea Eskualdeko 2 enpresek kirol zerbitzu profesionalen kalitate zigilua lortu dute, Itsas Kirol Poloa ekosistemaren baitan

Inquieto Navegante eta Moor Surf eskola Zarautz izan dira aurten zigilua lortu dutenak. Zigilu hau, Urola Kostako Udal Elkarteak, Itsas Kirol Poloa ekosisteman parte hartzen duten enpresen kalitatea bultzatzeko duen ekimenetako bat da eta aurtengoa bigarren edizioa izan da.

2024·06·14


Urola Kostako Udal Elkarteak 2022ko urrian jarri zuen lehen aldiz martxan Itsas Kirol Poloa ekosistemaren barruan, eta, honen baitan, itsas kiroletako kalitate-zigilua zabaltzen dihardu azken bi urteotan, eskualdeko enpresen artean. Zigilu honen helburua da itsas-kirol sistemak bere osotasunean eta zehazki zerbitzu profesionalen modalitatean behar duen kalitatearen erreferente izatea eta, aldi berean, eskualdeko enpresen profesionalizazioa hobetzea ere.

Hala, aurten, Urola Kostako bi enpresek lotu dute kirol-zerbitzu profesionalen kalitate zigilua: Inquieto Navegante eta Moor Surf Eskola Zarautzek, hain zuzen ere. Bi enpresa hauek, beraz, iaz zigilua lortu zuten beste 3 enpresen zerrendara gehitzen da: Begi Bistan, Surfing Zumaia eta Redymar.

Zigilua Kataluniako Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Profesionalen Elkargoak (COPLEFC) kudeatzen du, Udal Elkartearekin batera.

  1. Inquieto Navegante: Zumaian kokatutako kirol-enpresa da hau eta bere zerbitzuen barruan 11 metroko belaontzia eskaintzen du itsas esperientzia eta jarduera turistiko gisa. Gehiago jakiteko.
  2. Moor Surf Eskola Zarautzek surfa du oinarri eta kirol honen bueltan ikastaroak, txikisurf-a edota materialen alokairua eskaintze ditu, besteak beste. Gehiago jakiteko.

Zorionak Inquieto Navegante eta Moor Surf Eskola Zarautzi, bakoitzaren eskaintzan bikaintasuna bermatzeaz eta bezeroen esperientzia hobetzeaz gain, Kalitate Zigiluaren familiako kide izango direlako aurrerantzean.

Itsas Kirol Poloa

Urola Kosta eskualdeko itsas nortasunetik abiatuta, Itsas Kirol Poloa eskualdeko garapen jasangarriaren eragile eta ikur gisa jaio zen, 2022an, itsas kirolen sektorean.

Itsasoa ardatz hartuta, helburu bikoitzarekin sortu zen IKP: batetik ekosistema sortuz, erakundeak integratzen joatea itsas kirol-sektorea profesionalizatzeko, eta, bestetik, eskualdea itsas kiroletan erreferente izatea eta ezaguna egitea, talentua sortuz eta erakarriz, negozio berriak areagotuz eta enpresen lehiakortasuna sustatuz.