Eduki publikatzailea
Atzealdea Eskualdeko garbiguneen eta birziklatzeko etxolen informazio eguneratua argitaratu du Urola Kostako Udal Elkarteak
2023·02·17
Ingurumenaren eta jasangarritasunaren aldeko apustu irmoa egiten du Urola Kostako Udal Elkarteak eta horri lotuta, eskualde mailan birziklapena bultzatu eta sustatzeko hainbat egitasmo edota kanpaina burutzen ditu urtean zehar. Berriki, esaterako, “STOP Janari Xahuketa” kanpaina burutu du, hain zuzen, eskualde mailan janari xahuketa murriztu eta saihesteko.
Eta hain zuzen birziklapenaren lan ildoari helduta, oraingoan eskualdeko garbiguneen eta birziklatzeko etxolen inguruko informazio eguneratua argitaratu du Urola Kostako Udal Elkarteak eta herritarren eskura jarri du webgunean.
Informazio honek, aipatu espazioetara eraman daitekeen hondakin motak edota eskualdean dauden garbigune eta birziklatzeko etxolen inguruko informazioa jasotzen du: kokapena, ordutegia, harremanetarako datuak…
Garbigune zein etxolen helburua da hondakinetan dauden materialak berreskuratzea, ondoren horiek birziklatu ahal izateko, baita hondakinak kontrolik gabe ez botatzea eta zabortegi kontrolatuetan tratatu edo desagerrarazi beharreko hondakinak gutxitzea ere.
3 garbigune eta 4 birziklapen etxola Urola Kostan
Urola Kostako Udal Elkarteak eskualdean hiru garbigune kudeatzen ditu: Aia-Orion, Zarautzen eta Zumaian. Lehen garbigunea Zarauzkoa 2001ean eraiki zen, ondoren Zumaiakoa 2005. urtean eta azkenik Aia-Oriokoa, 2010. urtean.
Hiru espazioen azalerari dagokionez, Zarauzko garbigunearen azalera 1.082m²koa da, Aia-Oriokoa 1.647m²koa eta garbigunerik handiena Zumaiakoa da, 1.845,50m²rekin. Horiez haratago, une honetan, udal elkarteak Urdaneta kalean duen egoitzaren alboko partzelan garbigune berria eraikitzen ari dira. Asmoa da, etorkizunean, garbigune honek egun Zarautzen dagoena ordezkatzea.
Zein hondakin eraman garbiguneetara eta zein etxoletara?
Garbiguneetara hondakin mota desberdinak eraman ditzakete, bai herritarrek, bata merkatari edota eraikuntzari lotutako gremio txikiek ere. Erabiltzaile bakoitzak, ordea, asteko 750 kg eta 2m3ko bolumena eraman dezake gehienez. Hauek dira garbiguneetara eraman daitezkeen hondakinetako batzuk:
- Eraikuntzako hondakinak: egurra, obra-hondakinak, txatarra…
- Inausketa eta lorezaintzako hondakinak
- Bolumen handiko hondakinak: koltxoiak, sofak…
- Kartoia
- Etxeko tresna elektrikoak
- Etxean sorturiko hondakin arriskutsuak: pilak, aerosolak, disolbatzaileak, tonerrak, olioa…
- Arropa, ehunkiak, osagarriak eta oinetakoak
Birziklapen etxolei dagokienean, aldiz, 4 dira Urola Kostak dituenak: Zumaian, Orion, Getarian eta Aian. Espazio hauek ez daude ordutegi bati lotuta, hau da, herritarrek edozein momentutan eraman ditzakete bertara hondakinak. Etxolek, baina, ondorengo hondakinak jasotzen dituzte:
- Arropa, ehunkiak, osagarriak eta oinetakoak
- Erabilitako sukaldeko olioa
- Etxetresna elektriko txikiak: irabiagailuak, txigorgailuak, telefono mugikorrak…
- Etxean sorturiko hondakin arriskutsuak: fluoreszenteak, pilak, aerosolak, disolbatzaileak, tonerrak, kotxeko olioa…
Espazio bakoitzari dagokion informazio zehatza eskuragarri dago Udal Elkartearen webgunean, esteka honetan.
Garbigune berria eraikitzeko lanak, martxa onean
2020ko azaroaren 9an Urola Kosta Udal Elkarteko Zuzendaritza Batzordeak Zarauzko garbigune berriaren obraren finantzaketa onartu zuen, aho batez. Obra honen inbertsioa 1.951.248,47€koa da eta Udal Elkarteko funtsetatik finantzatuko da bere osotasunean.
Dagoeneko esleitu dira, lehiaketa publiko bidez, eraikitze lanak. Esan bezala, garbigune berria Udal Elkartearen egoitza ondoan dagoen espazioan kokatuko da eta 3.301 metro karratu izango ditu. Lanak hiru fasetan eramango dira aurrera: lehenik eta behin, eraikitze lanak egingo dira, ondoren, garbigune zaharra botako da eta lur kutsatuen tratamendua egingo da bertan eta amaitzeko, lur hori urbanizatu egingo da.
Garbigune berrian, halaber, ondorengo hondakinak tratatuko dira: denetariko plastikoa, egurra, enbalatzeko plastikoa, errefusa, obra-hondakinak, arraindegietako hondakinak, kartoia, jostailuak, lorazaintzako hondakinak, neumatikoak, poliespana, RAEEak eta txatarra metalikoa.