Berriak
Atzealdea

Eskualdeko ostalariei zuzendutako prestakuntza eskainiko du Udal Elkarteak

Datozen asteetan ostalaritza sektoreari begirako hainbat ekimen jarriko dira martxan.

2020·11·27


Egoera zaila bizi du ostalaritzak. Bereziki, Eusko Jaurlaritzako Lan eta Enplegu Sailak azaroaren 7az geroztik tabernak eta jatetxeak ixteko agindua eman zuenetik. Zalantzarik gabe, laguntza ekonomikoa beharko da hartutako neurrien inpaktua ahalik eta gehien txikitzeko. Osasun egoera hobetu ahala, jarduerari ahalik eta azkarren berrekitea da asmoa.  

Haatik, ziurgabetasun eta itxialdi egoeraren aurrean sektoreak ezin du erabat gelditu. Urola Kostako Udal Elkarteak, bere eskumen eta ahalmenen baitan, bere egin nahi izan du sektorea babestu eta ostalaritzako profesionalen alboan egoteko konpromisoa. Hala, datozen asteetan ostalaritza sektoreari begirako hainbat ekimen jarriko dira martxan. 

Ziurgabetasunaren aurrean, formazioa

Lehenik eta behin, eta jarduerari berrekin aurretik, eskualdeko ostalaritza sektoreko profesionalei bideratutako prestakuntza eskainiko da. Launa orduko bi saiotan eskainiko da 8 orduko prestakuntza. Ikastaroa aurrez aurrekoa izango da Urola Kostako Udal Elkartearen egoitzan, goizez:

  • Egunak: Abenduak 3 (osteguna)  eta 4 (ostirala)
  • Ordua: 09:30etik 13:30etara

​Bi eguneko formakuntzaren baitan, negozioetan sor litezkeen desbideraketa ezberdinen gaineko diagnostiko goiztiarra egiteko hainbat kontrol erreminta eskainiko dira. Ostalaritza sektorea geroz eta prestatu eta profesionalizatua bada ere, kudeaketa eredu eraginkorrago baterantz urratsak emateko diseinatu da formazioa. Beti ere, egungo testuingurua kontuan hartuta; hau da, ziurgabetasun egoeratik abiatuta, epe motz eta ertainera begira jarraitu beharreko estrategiak zehazteko asmoz.

Zehatz mehatz, hauek dira bi saioetan nagusiki landuko diren gaietako batzuk:

  • Covid-19ak eragindako testuingurua: ziurgabetasunetik ohitura aldaketetara
  • Negozioaren kudeaketa: lantaldeak, estrategiak, negozio eredu berritzaileak…
  • Etengabeko aldaketa: akatsetatik abiatuta, sare sozialetaraino.
  • Eramateko zerbitzua: take away, delivery eta packaging aukerak
  • Covid-19aren ondorengo joera nagusiak: ordutegiak, prezioak, bezeroarekiko konfiantza…

Plaza kopurua mugatua da; gehienez, eskualdeko 12 partaidek izango dute ekimenean parte hartzeko aukera. Gehiago izanez gero, hautaketa prozesua jarriko da martxan; beti ere, kontuan hartuta, bai izen-emate hurrenkera; baita eskualdeko udalerrien arteko oreka ere.

Izena-ematea enpresa@urolakosta.eus helbidearen bitartez bideratuko da; mezuan udalerria zehaztuta, jarduera ekonomikoaren xehetasunarekin batera. Izena emateko epea abenduaren 2an, eguerdiko 12:00etan amaituko da.

Aurrera begirakoak

Lehen prestakuntza eskaintzaren ondotik, zuzen-zuzenean ostalaritza sektoreari bideratutako hainbat ekintza eramango dira aurrera datozen asteetan. Izan ere, sektorearen bidelagun izan asmoz, Urola Kostako Udal Elkarteko Garapen Agentziak hainbat proiektu ditu eskuartean.

Prestakuntzarekin jarraituz, urtea amaitu aurretik eskainiko da formakuntza berri bat; berariaz, antza geratzeko etorri den eramateko zerbitzuari buruzkoa.

Era berean, dagoeneko martxan da Udal Elkartearen, 5 udalen eta udalerrietako merkatari eta ostalarien elkarteen arteko elkarlanaz garatuko den ekimena. Hain zuzen ere, eramateko zerbitzua eskaintzen duten eskualdeko establezimenduen gida bateratua landuko da; herritarren eskura jarri eta bertako kontsumoa bultzatzeko helburuarekin.

Argibideak eta izen-ematea:

Izena eman edota informazio gehiago jasotzeko, idatzi iezaguzu e-mail bat edo jarri harremanetan telefono bidez:

  • enpresa@urolakosta.eus
  • 943890808

Proiektu hau kokatzen da Gipuzkoako Foru Aldundiaren "Gipuzkoako ehun sozioekonomikoa eskualdeko ikuspegiaren ekarpenaren bidez suspertzeko programa»ren baitan (2020ko deialdia, GAO, 2020-06-29, 121 zk).