Eduki publikatzailea
Atzealdea Harrera bikaina izan du “Zuk konpondu, zuk berrerabili” kanpainak eskualdeko bost herrietan
2025·10·24

Antolatzaileak oso gustura agertu dira “Zuk konpondu, zuk berrerabili” kanpainak izan duen harrerarekin. Urola Kostako Udal Elkarteak, Gipuzkoako Foru Aldundiko Iraunkortasun Sailak lagunduta, eta Emaus Gizarte Fundazioaren parte-hartzearekin, herritarren kontsumo ohiturak eredu iraunkorrago eta kontzienteago baterantz gidatzeko sentsibilizazio kanpaina burutu du azken asteetan, konponketa eta berrerabilera sustatzeko ekimena izan da. Kanpainaren baitan bi ekimen nabarmendu dira: bigarren eskuko merkatuak eta elektrotresna zein arropa konponketa tailerrak.
Ehunka lagun ekimenaren inguruan
Tailerren arduradunek azaldu dutenez, 350 lagun inguru gerturatu dira ekintzek iraun duen egunetan ekimenetara, bai tailerretan parte hartzeko, bai eta azoka ikusi edo erosketak egitera.
Tailerrei dagokionez, ia 100 lagunek hartu dute parte, eta parte hartzea oso anitza izan da gainera. Tailerretan egon diren Emaus Gizarte Fundazioko teknikariek diotenez, “parte-hartzea mistoa izan da bi tailerretan. Gizarte bezala, pentsatu dezakegu aparatuen konponketa gizonen funtzioetara bideratuago dagoela, eta jostunena, aldiz, emakumearen funtzioetara. Hori dela eta, pozten gaitu bai neskek eta bai mutilek bi tailerretan parte hartu dutela ikusteak, sexu bereizketa handirik egin gabe”.
Lan komunitarioa sustatzea
UKUEko arduradunak eta Emaus Gizarte Fundazioko teknikariak bat datoz komunitatearen inplikazioa azpimarratzerakoan, udalerrietako biztanleak kanpainarekin bat egitea eta parte hartzea oso aberasgarria baita.
Tokian tokiko ekonomia zirkularra sustatzen duten eta gai horietan prestakuntza eta esperientzia handia duten eragileek erakutsi dute konponketa eta kontsumo arduratsua ezinbestekoak direla pertsonengan ohitura jasangarriagoak sustatzeko, ingurumena zaintzeko eta pertsonen ongizatea erdigunean jartzeko.
Orohar oso harrera ona izan du ekimenak parte hartzaileen artean eta berriro ere parte hartzeko gogoa erakutsi dute.
Ekimen hau, esperientzia pilotua ere izan da, konpontzeko eta berrerabiltzeko ohitura sortzeko, eta bigarren eskuko denda eta zerbitzu hurbilenak eta eskuragarrienak identifikatzen laguntzeko. Azken batean, merkatuek eta tailerrek berrerabilitako objektuen balioa ikusarazi dute, eta kontsumo masiboaren alternatiba errealak erakutsi dituzte.
Ingurumen-inpaktua
Urola Kostako Udal Elkarteak esfortzu handia egin du herri bakoitzean ekimen sorta prestatzen, ingurumenarekiko ardura herri guztietara zabaltzeko asmoarekin, eta erantzukizunez jokatzea errazago izan dadin guztiontzat.
Izan ere, ehungintza industria munduko kutsatzaileenen artean dago. Gipuzkoan bakarrik, urtero 6.000 tona ehun-hondakin baino gehiago sortzen dira, eta, horietatik, %5 baino ez da berreskuratzen berrerabiltzeko. Tresna elektriko-elektronikoen hondakinei (TEEH) dagokienez, herritar bakoitzak urtean 8 kg baino gehiago sortzen dituela kalkulatzen da, eta horrek konponketa eta aprobetxamendua sustatzeko premia nabarmentzen du.