Eduki publikatzailea

Atzealdea Hondakinen prebentzioa eta sorkuntza murrizteko zazpi kanpaina garatuko ditu Urola Kostako Udal Elkarteak

Elikagaien xahutzea, paperaren erabilera edota erabilera bakarreko ontzien erabilera murrizteko zein eskualdeko ekitaldiak anbientalizatzeko kanpainak egingo dira, baita ikastetxeei zuzenduriko ikasturte osorako bi kanpaina eta hondakinak jatorrian bereizteari buruzko kanpaina orokor bat ere. Helburua da herritarrak, ekoizle handiak, ikastetxeak eta administrazio publikoa ekonomia zirkularraren eta kontsumo arduratsuaren inguruan sentsibilizatzea.

2023·09·20


Gaur egun, hiri-hondakin ugari sortzen da, eta horiek tratatzeak ingurumen, ekonomia eta gizarte arazo larriak sortzen ditu.

Egoera honen aurrean, eta eskualdeko Hondakinen Prebentzio Planeko ildoetan lan egiten jarraitzeko asmoz, Urola Kostako Udal Elkarteak hondakinak sortzea prebenitzeko eta hauen berrerabiltzea eta birziklatzea sustatzeko kanpaina bat abiarazi du.

Funtsean herritarrak, ekoizle handiak, ikastetxeak eta administrazio publikoa ekonomia zirkularraren eta kontsumo arduratsuaren onuren inguruan sentsibilizatzea du helburu, eta proiektua orain hasi eta datorren urteko ekainaren bukaera arte garatuko da.

Zazpi kanpaina, hondakinen prebentzioa eta sorkuntza murrizteko

Asmo handiko proiektu hau gauzatzeko, Udal elkarteak zazpi kanpaina jarriko ditu martxan hondakinen arloarekin zerikusia duten gaiekin lotuta.

Proiektua irailean abiaraziko da elikagaien xahutzearen aurkako kanpaina batekin. “STOP xahuketa” lelopean, hainbat sentsibilizazio jarduera egingo dira, bai ikastetxeei zein herritarrei zuzenduta, eta, aldi berean, eskualdeko sortzaile handien lankidetza ere bilatuko da.

Urtarrilean eta otsailean, halaber, beste bi kanpaina burutuko dira. Horietako batean, administrazioan paperaren erabilera murrizteak duen garrantzia landuko da. Horren baitan, adibidez, ingurumen ikuskapenak egingo dira hainbat eraikin publikotan. Horretarako, zenbait aldagai kontuan hartuko dira, hala nola, energia edo hondakinen sorkuntza, baita paperaren eta kartoiaren sorkuntza eta kontsumoa ere.

Urte hasieran egingo den beste kanpaina erabilera bakarreko ontzien erabilera murrizteko izango da. Ondorioz, iturriko eta botilako uraren arteko desberdintasunak aztertuko dira, eta hainbat informazio puntu ezarriko dira herritarrak erabilera bakarreko ontzien murriztearen inguruan sentsibilizatzeko.

Hondakinen prebentzioa gure aisia eta kulturara ere iritsiko da, hala nola, eskualdeko ekitaldiak anbientalizatzeko kanpaina baten bidez. Horren ondorioz, Urola Kostako ekitaldirik garrantzitsuenetan ingurumen irizpideak barneratu eta jardunbide egokiak sustatuko dira, bai hondakinen arloan, bai baliabide materialen eta energetikoen optimizazioaren arloan ere.

Orain arte aipatutako lau kanpainez gain, ikasturte osoko bi kanpaina ere egingo dira, eskualdeko ikastetxeei zuzenduta: Eskola Agenda 2030 bata eta konpostaje eta ekonomia zirkularraren ingurukoa bigarrena.

Eskola Agenda 2030ren barruan, iaz 7. GIHren inguruan (energia eskuragarria eta ez-kutsatzailea lortzeko Garapen Iraunkorraren Helburua) egindako lanketari jarraipena emanez, teoriatik ekintzara pasako dira ikasleak, udal mailan energia jasangarriagoa lortzeko asmoarekin.

Bestalde, gazteei konpostajea eta ekonomia zirkularra aurkezteko kanpaina ere garatuko da, non 3R-en garrantzia (murriztu, berrerabili eta birziklatu) eta hondakinak kudeatzeko beste sistema batzuen (konpostajea, adibidez) irismena eta abantailak landuko diren. Horretarako, hainbat tailer eta hitzaldi egingo dira ikastetxeetan, baita bisita gidatuak eta laborategiko ekintzak ere.

Azkenik, hondakinak jatorrian bereizteari buruz sentsibilizatzeko eta informatzeko, kanpaina orokor bat diseinatuko da, irailetik ekaina arte martxan egongo dena. Egin beharreko ekintzen artean, Udal elkarteak parte hartzeko inkesta bat egingo du proiektuaren hasieran eta amaieran, proiektu osoaren ebaluazioa egiteko eta honek herritarrengan izandako eragina aztertzeko.

Kanpainari buruzko informazio gehiago nahi izanez gero, Urola Kostako Udal Elkarteko ingurumen saileko sare sozialetan publikatuko dira aipatutako kanpainak:

  • Instagram: @ukueingurumena
  • Facebook: UKUE ingurumena

Bestalde, bide hauek ere erabili ahal izango dira informazio gehiago lortzeko:

  • Hurrengo telefonora deituz: 943890808
  • Honako helbide elektronikora idatziz: hondakinak@urolakosta.eus
  • Urola Kostako Udal Elkartearen sare sozialetan eta web-orrian