Eduki publikatzailea

Atzealdea Industriaguneetako gabeziak eta hobekuntza-aukerak identifikatzeko “Denontzako industriaguneak” egitasmoa

• Industriaguneetako sarbideak, segurtasuna edota irisgarritasuna neurtuko dira; bereziki kontuan hartuko dira emakumeen beharrak • Interesa duen orok bete dezake prestatu duten galdetegia; martxoaren 27ra arte jasoko dira. • Horrez gain, industriaguneetako enpresentzat online saio bat prestatu dute martxoaren 18rako.

2026·03·09


Urola Kostako Udal Elkarteak “Denontzako industriaguneak” proiektua jarri du martxan. Egitasmoaren xedea da eskualdeko industriaguneetan dauden urbanizazio gabeziak eta hobekuntza-aukerak identifikatzea; hala, industrialdeetako sarbideak, segurtasuna edota irisgarritasuna neurtuko dira. Erabiltzaileen ekarpenak eta iritziak jasoz, behar errealetara egokitutako irtenbideak proposatu nahi dira; bereziki kontuan hartuko da aniztasuna, gizartearen garapenerako oinarri den heinean,  eta industrian lan egiten duten emakumeak mantendu eta berriak erakartzea bereziki kontuan hartuko du proiektuak.

Industriaguneen egungo egoera aztertu eta hobe bat eraikitzeko sei ardatz estrategiko zehaztu dira: segurtasuna, trafikoa, irisgarritasuna, garraio publikoa, irudikapen sinbolikoa eta naturalizazioa.

Sei industriagunetan garatuko da azterketa: Olaskoegia-Ubegun (Aia), Igarategi-San Prudentzio (Getaria), Txori-Tonpe (Getaria), Estazioko poligonoa (Zumaia), Joxe Mari Korta Poligonoa (Zumaia) eta “Xey” Poligonoa (Zumaia).

Erabiltzaileen iritzia jasotzeko galdetegia

Gune hauen erabiltzaileen ikuspuntua jasotzea funtsezkoa da: langileak, erabiltzaileak, hornitzaileak, inguruko bizilagunak…, eta iritziak jasotzeko galdetegi bat bete dezake nahi duen orok, webgune honetan martxoaren 9tik martxoaren 27ra arte.

Gainera, Industriaguneetako enpresentzat online parte hartze saio bat egingo da martxoaren 18an. Saioan izena emateko bete ondorengo galdetegia: https://form.jotform.com/260643745645362

Proiektua ahalik eta osoena izan dadin, ezinbestekoa da herritarren iritziak ere jasotzea, eta hortaz, elkarrizketak egingo dira industriaguneetan bertan, baita telefonoz ere. Elkarrizketa bat nahi izanez gero, utzi zure kontaktua helbide elektroniko honetan enpresa@urolakosta.eus edo telefono bidez 943 890 808 zenbakian.

GALDETEGIA BETETZEKO: https://denontzakoindustriaguneak.eus/en​​​​​​​