Eduki publikatzailea

Itsas Kirol Poloa proiektua abiarazi du Urola Kostako Udal Elkarteak, itsasoa ardatz hartuta, eskualdeko ekonomia urdinari bultzada emateko

6
IKP proiektuak helburu bikoitza du; itsas-kirolen sektorea profesionalizatzea batetik eta itsas-kirola eskualdean erreferente izatea eta mundu mailan ezagutaraztea, talentua sortuz eta erakarriz, negozio berriak sortuz eta enpresen lehiakortasuna sustatuz.

2022·10·21


Urola Kosta eskualde oso anitza da; 5 herriz osatuta dago eta guztiak ingurunearekin elkar lotuta daude, itsasoa, ibaia, mendia, landa gunea eta 2 itsasadarren balioarekin.

Ildo horretan, eskualdearen sustapena eta lehiakortasuna bultzatzea izanik Urola Kostako Udal Elkarteak duen helburu nagusia, ingurune horri erreparatuz eta itsasoa oinarri eta ardatz hartuta, eskualdea balioan jarriko duen eta lurralde osora proiektatuko duen Itsas Kirol Poloa proiektua aurkeztu du, hain zuzen, itsasoa motor ekonomiko gisa ulertzeko eta eskualdeko ekonomia urdinari bultzada emateko.

Aurkezpen ekitaldia Orioko Arraunetxen egin da eta bertan parte hartu dute Lourdes Salsamendi Urola Kostako Mankomunitateko lehendakariak, Iker Estensoro Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapeneko zuzendari nagusiak eta Gorka Iturriaga Eusko Jaurlaritzako Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren zuzendariak.

Horiez gain proiektuarekin harreman zuzena duten sei lagunen testigantzak eta gogoetak bildu ditu saioak.

Eskualdeko proiektu estrategikoa

Ekonomia urdina, Urola Kostan batez ere kostako turismoan islatzen da, hau da, itsaso edota ibaietako espazioetan egiten diren ekintzetan: arrauna, igeriketa, surfa, nabigazioa… Eta hain zuzen uretan egiten diren ekintza horiei helduta, Urola Kostako Udal Elkarteak, itsas-kirolak eskualdean duten tradizioagatik eta erreferentzialtasunagatik, eremu ezin hobetzat jo ditu, indar ekonomiko gisa ulertu eta aurrera egiteko.

Horrela, uretako kirolak erdigunean jarriko dituen proiektu estrategikoa da Itsas Kirol Poloa. 2017an eman zituen lehen urratsak, eta partaidetza prozesu emankor baten ondoren, proiektua egikaritzeko urrats garrantzitsua izan da gaurkoa.

IKPren bitartez, Udal Elkartearen asmoa bikoitza da: batetik ekosistema sortuz, enpresak integratzen joatea sektorea profesionalizatzeko, eta, bestetik, itsas kirola eskualdean erreferente izatea eta mundu mailan ezaguna egitea, talentua sortuz eta erakarriz, negozio berriak sortuz eta enpresen lehiakortasuna sustatuz.

Lourdes Salsamendi Urola Kosta Udal Elkarteko lehendakariak adierazi duenez, “Itsas Kirol Poloak sektoreko enpresak eta administrazioa batzen lagunduko du, eta horrek pixkanaka hazten joango den sektorearen etorkizuneko lehiakortasuna bermatzen lagunduko du lurraldean. Ildo horretan, itsas kirola funtsezko tresna da hazkunde ekonomikoan aurrera egiteko. Gainera, gure eskualdearentzat estrategikoa izan da duela urte askotatik. Baina orain da unea hainbat eragileren artean koordinazioan lan egiteko eta ikuspegi partekatu bat sortzeko”.

Itsas Kirol Poloaren zigilua

Egitasmoaren garapenean, Itsas Kirol Poloaren Zigilua sortu dute. Lau dira uneotan tokiko izaera eta jarduerak balioan jartzen dituen zigilu hori lortzeko prozesuan murgilduta dauden eskualdeko enpresak: Redymar, Ural Experience Zumaia, Begi-Bistan eta Surfing Zumaia.

Itsas kirolen Kalitate Zigiluak ondorengoa ahalbidetzen du:

  • Bikainak diren itsas kirol zerbitzuak identifikatzen.
  • Kalitateko zerbitzuak ikusgarri egin eta bereizten.
  • Itsas kirolak eskaintzen dituzten enpresen kalitatea hobetzen.

Itsasgune

Itsasgune IKPren nukleoa da. Espazio fisiko bat edo batzuez osatutako gunea da. Bertatik eramango dira kudeaketa gehienak. Une honetan, Urola Kostako Udal Elkartea espazio fisiko horren konkrezio lanetan ari da, baina asmoa da bertan itsas kirolen inguruan entrenatzea, praktikatzea, ikertzea, ikastea, hausnartzea, eztabaidatzea…. Itsasgunek, halaber, nazioarteko zein bertako erakundeak, enpresak, kirolariak, talentuak, ekintzaileak…. erakarriko ditu.

“Udal Elkartetik apustu irmoa egiten dugu proiektu honekiko, benetan proiektuan sinisten dugulako eta oso argi dugulako ekimenak garapenerako duen bidea eta irismenerako duen indarra. Horregatik, Udal Elkartea, testuinguru egokia ezartzen ari da garapenean aurrera egiten lagunduko duen bide honetan eta aipatu dugun guztia errealitate bilakatzeko lanean jarraituko dugu, orain arte bezala”, amaitu du Lourdes Salsamendik, Udal Elkarteko lehendakariak.

1 2 3 4 5 6