Eduki publikatzailea

Atzealdea Jasangarritasunaren aldeko apustua berretsi du Urola Kostak FITURen

Udal Elkarteak Biosphere zigilua lortzeko lanketari ekin dio; aipatu zigilua, turismo jasangarriari lotutako ziurtagiria da eta helburu du etengabeko hobekuntzarako tresna izatea. Era berean, “Elkanoren Talaia: itsas zeharkaldiak” ekimena aurkeztu du UKUEk nazioarteko turismo azokan. Egitasmo honek Elkanoren ondarea ezagutaraztea eta Urola Kostako itsas ondarea sustatzea ditu helburu.

2023·01·20


Urola Kostako Udal Elkarteak, Biosphere zigiluaren bitartez, turismo jasangarriaren estrategiarako konpromiso-gutuna sinatu du. Zigilu hori, kasu honetan, eskualdearen jasangarritasunaren benetako maila adierazten duen ziurtagiria da.

Biosphere Certified Destination iraunkortasuna neurtzeko sistema bat da eta helburu du etengabeko hobekuntzarako tresna izatea, modu horretara, turismo-helmuga, enpresa edota zerbitzuen apustu eta konpromiso hori aitortzeko.

Urola Kosta eta hau osatzen duten bost udalerriek – Aia, Orio, Getaria, Zarautz eta Zumaia – naturari errotutako eskualdea osatzen dute.

Lourdes Salsamendi lehendakariak FITUR Nazioarteko Turismo Azokan azaldu duen bezala, “itsasoari eta mendiari lotutako konposizio horretan, eskualdeko 5 udalerrietako bakoitzak bere izaera eta nortasun propioa eta bereizgarria ditu, baina guztiak daude baliabide naturalen bitartez elkar-lotuak.

“Hori guztiagatik, turismoaren garapena modu jasangarrian ulertzen dugu, hiru eremuetan: gizarte edo eremu sozialean, ekonomikoan eta ingurumenekoan. Apustu hori, gainera, 5 udalerriek egiten duten apustu bateratua da, eta, horregatik, elkarrekin lan egin dugu, norabide eta helburu berdinarekin: jasangarritasunean oinarritutako turismo estrategia duen eskualde bat eraikitzea”, gehitu du Salsamendik.

Biosphere komunitatearen kide izatea, beraz, estrategikoa da Urola Kostarentzat: “Orainaz arduratzen gara, baina etorkizunarekiko konpromiso sendoa dugu. Helmuga turistiko iraunkorra izateko edo izaten jarraitzeko, gure helburu jasangarriak lortzeko bidea jorratzen jarraituko dugu, GJHen (Garapen Iraunkorreko Helburuak) eta euskararen ikuspegitik; munduari herrialde berdingabea, magikoa eta, batez ere, jasangarria eskaintzeko helburuarekin”, azpimarratu du Salsamendik.

Elkanoren ondarea itsasontzian

UKUEk, Begi Bistan ekoturismo enpresarekin batera, Elkanoren Talaia: itsas-zeharkaldiak egitasmoa aurkeztu du FITURen. Proiektuak Elkanoren ondarea ezagutaraztea eta Urola Kostako itsas ondarea sustatzea ditu helburu. Ekimena bi urtez jarraian gauzatu da, uztailean eta abuztuan, eta bertakoen zein bisitarien aldetik harrera ezin hobea jaso du.

Elkanoren Talaiak, Elkanoren irudia eta itsas ondarea ardatz hartuta, Urola Kostako ingurunea, kultura, historia eta natura balioan jartzen ditu.

Lankidetza publiko-pribatuan oinarritutako proiektua da. Izan ere, Munduko Lehen Itzuliaren 500. urteurrenaren harira, Urola Kostako Udal Elkarteak eskualdeko bost udaletako turismo-zerbitzuekin eta Begi Bistan enpresarekin batera garatu du proiektua. Ekimenaren bidez, eskualdeko kultura eta itsas ondarea sustatu eta Elkanoren ondarea ezagutarazi nahi dira. Aldi berean, eskualdeko hainbat udalerriren bisitaldia ere sustatu nahi da, itsasontzi horren erabileraren eta garraio publikoko loturen bidez.

Ibilaldi gidatuak Zumaiatik abiatzen dira, Getarian edo Orion geldialdiak eginez. Itsas-zeharkaldi bakoitzean eskualdeko bost herriak itsasontziz zeharkatuko dira. Ibilbideak 45 minutu irauten du eta ibilbide zirkular osoa edo etapa bat edo gehiago egiteko aukera dago.