Eduki publikatzailea

Kalitate Zigilua lortzeko baliabideak itsas-kirol sektoreko enpresen eskura jarriko ditu Urola Kostako Udal Elkarteak, IKP ekimenaren bitartez

Kalitate zigilua aurkezteko webinar saioa antolatu du itsas-kirol alorrean diharduten eskualdeko enpresa eta erakundeentzat. Lan-saioa urriaren 10ean izango da 13:30ean eta parte hartzeko aurrez izena eman beharko da.

2023·09·29


Jakina da Urola Kostan, itsasoa eskualdearen nortasun ikur nagusienetakoa dela. Hortik abiatuta, orain jada urtebete jarri zuen martxan Urola Kostako Udal Elkarteak Itsas Kirol Poloa (IKP) deituriko ekimena, eskualdeko garapen jasangarriaren eragile eta ikur gisa.

Itsasoa ardatz hartuta, beraz, helburu bikoitzarekin sortu zen IKP: batetik ekosistema sortuz, enpresak integratzen joatea itsas-sektorea profesionalizatzeko, eta, bestetik, itsas kirola eskualdean erreferente izatea eta mundu mailan ezaguna egitea, talentua sortuz eta erakarriz, negozio berriak sortuz eta enpresen lehiakortasuna sustatuz.

Horri jarraiki, itsas kirol-sektorearen profesionalizazioaren baitan, aurten ere itsas kirol esparruko kalitate-zigilua zabalduko du Udal Elkarteak, eskualdeko enpresen artean.

Etengabeko hobekuntza konpromisoaren eta bikaintasunaren adierazle

Zigilua eskualdeko kirol-enpresen ahalegina aitortzeko eta eskualdetik haratago enpresei ikusgarritasuna emateko erreminta eraginkorra izango da. Funtsean, itsas-kirol esparrutik abiatuta, zigilua eskuratzen duten enpresentzat kirol alorrean zerbitzuak etengabe hobetzeko konpromisoaren eta bikaintasunaren adierazle izango da kalitate zigilua.

Urola Kostako Udal Elkarteak balioan jarri nahi du itsas-kirol enpresa guztien jarduna, horretarako kalitatezko zigilua eskuratzeko baliabideak eskainiz, nazioan adituak direnen eskutik eta 100%ean diruz lagunduta.

Webinarra abiapuntu

Halako zigilu bat izateak irtenbide eta aukera zabala eskaintzen dizkio edozein enpresa edo erakunderi.

Hori horrela, zenbait adibide eta kasu errealetatik abiatuta, zigilua lortzeko prozesu zein dinamiken inguruan informatzeko aukera izango dute webinar saioan parte hartzen duten enpresek, eta zigilua lortzeko egin beharreko lanketan barneratzeko aukera izango dute.

Argibideak eta izen-ematea

Webinarra datorren urriaren 10ean izango da, asteartea, 13:30ean, online. Parte hartzeko, aurrez izena eman beharko da galdetegia beteta. Ondoren, saiora sartzeko esteka jasoko du interesdunak bere posta elektronikoan.

Argibideak eta informazio gehiago:

Urola Kostako Udal Elkartea

Garapen Agentzia (Rakel)

  • Tel. 943 890808,
  • enpresa@urolakosta.eus