Eduki publikatzailea

Atzealdea Klima aldaketak eskualdean nola eragingo duen aztertu du Urola Kostako Udal Elkarteak

• Batik bat sektore ekonomikoetan izango duen eragina aztertu du lanketak: lehen, bigarren eta hirugarren sektoreetan euriteek, bero-boladek, lehorteek edota uholdeek nola eragingo duten ikertu dute. • Eskualdeko eragile publiko eta pribatuen parte hartzeari esker udalerrien kalteberetasuna neurtu da eta horri aurre egiteko neurriak zabalduko dira.

2026·02·25


Urola Kostako Udal Elkarteak klima-aldaketak eskualdean izango duen eragina aztertu duen lanketaren emaitzak aurkeztu ditu gaur prentsaurrekoan. Azterketa Isladak aholkularitza zerbitzuko kideekin batera egin da, eta eragin orokorrez gain lehen, bigarren eta hirugarren ekonomia sektoreetan izango duen eragina aztertu du.

Aurkezpenean parte hartu dute Ion Arozena Eizagirre, Udal Elkarteko lehendakariak; Eneko Larumbe Aguirre, UKUEko energia teknikariak; eta Aiala Zubieta Bertiz, Isladak aholkularitza zerbitzuko teknikariak.

Lanketa parte-hartzailea eta ikuspegi estrategikoa

Ion Arozenak nabarmendu du klima-aldaketa dela “eskualdearen etorkizun ekonomiko eta sozialerako erronka estrategiko nagusietako bat”, eta gaineratu du: “Ez gara soilik ingurumenaz ari; gure enpresen lehiakortasunaz, enpleguaz eta herritarren ongizateaz ari gara. Horregatik, ezinbestekoa da egokitzapena agenda politiko eta ekonomikoaren erdigunean kokatzea.”

Urola Kostako Udal Elkarteak 2022-2026 aldirako Energia Plana garatu zuen 2021ean, eta plangintza horri jarraituz, azken urteotan hainbat ekimen jarri ditu martxan. 2023an egindako bilera sektorialetan identifikatu zen klima-aldaketak enpresen lehiakortasunean izan dezakeen eragina sakonago aztertzeko beharra, eta 2025ean zehar bost udalerrietako ordezkari politiko eta teknikarien eta eragile ekonomikoen parte-hartzearekin lanketa bateratua burutu da.

Guztira lau parte-hartze saio egin dira Zumaian, Zarautzen, Getarian eta Orion (Aiako enpresak barne), eta saio espezifiko bat lehen sektoreko eragileekin.

Lanketak helburu hauek ditu zehazki:

  • Klima aldaketak Urola Kostako udalerriei eta bertako eragile ekonomikoei nola eragingo dien aztertzea
  • Eskualdeko eragileen erresilientzia aztertzea eta klima aldaketak beraien lehiakortasunean eragin ditzakeen ondorioak ezagutzea
  • Eskualdeko sektoreetako enpresei arazo hauen berri ematea eta beraien klima aldaketaren aurrean eragile izan daitezen sustatzea, gomendioak emanez

Aurreikuspen klimatikoak eta mehatxu nagusiak

Eneko Larumbek azaldu duenez, aurreikuspenek erakusten dute mende amaierarako eskualdean batez besteko tenperatura 3,3ºC igoko dela (1971-2010 aldiarekin alderatuta), eta urtean 40 gau tropikal izatea espero dela. Gainera, prezipitazio eredua aldatuko da, euri jasa bortitzagoak eta lehorte egun gehiago eraginez. Hori klimaren eragin orokorrari dagokionez. “Klima-aldaketa ez da etorkizun urruneko agertoki bat; dagoeneko sumatzen ari gara. Gure helburua izan da mehatxu klimatiko nagusiak identifikatzea eta sektore bakoitzean izango duten eragina zehaztea, enpresek erabaki informatuak har ditzaten”, adierazi du Larumbek.

Azterketan zazpi mehatxu klimatiko nagusi aztertu dira: bero-boladak, lehorteak, ibai uholdeak, euri jasen ondoriozko uholdeak, itsas mailaren igoera eta olatuen gehitzea, lur-irristatzeak eta suteak.

Ondorio nagusiak sektoreka

Aiala Zubietak azaldu du lehen sektorea dela bero-boladen aurrean zaurgarriena, bai pertsonen osasunagatik bai landare eta abereen ekoizpenagatik. “Muturreko tenperaturek zuzenean eragiten diete aire zabalean lan egiten duten pertsonei, eta aldi berean, ekoizpen-sistemetan estres hidrikoa eta errendimendu-galera eragiten dute. Egokitzapena ez da aukera bat, behar bat baizik.”

Bigarren sektorean, industria-gune asko kostaldean edo ibai ertzetan kokatuta daudenez eta lurzorua iragazkaitza denez, uholde-arriskua nabarmena da, bereziki euri jasa handiak, ibai uholdeak eta itsas mailaren igoera batera gertatzen direnean.

Hirugarren sektorea, herrigune eta kostaldean kontzentratua, antzeko arriskuen aurrean dago. Itsas mailaren igoera eta uholdeak dira mehatxu nagusiak.

Egokitzapenerako neurriak eta hurrengo urratsak

Lanketaren emaitzetatik abiatuta, sektore bakoitzerako egokitzapen-neurri zehatzak proposatu dira: lehen sektorean landare-estalkiak eta itzal-sistemak sustatzea edo bero-boladen aurkako protokoloak ezartzea; bigarren eta hirugarren sektorean material estrategikoa goiko solairuetara eramatea, aldi baterako hesiak jartzea, xukatzeko ponpak instalatzea eta zoladura iragazkorrak sustatzea, besteak beste.

Ion Arozenak amaitzeko azpimarratu duenez, “eskualde gisa, elkarlanean jardutea da gure indargunea. Administrazioa, enpresak eta eragile ekonomikoak norabide berean lanean jartzea funtsezkoa izango da Urola Kostaren erresilientzia eta lehiakortasuna bermatzeko.”

Aurten Urola Kostako Energia eta Klima Aldaketaren Plana eguneratuko da, egindako analisian jasotako ondorioak txertatuz eta lan-ildo berriak zehaztuz. Helburua argia da: klima-aldaketaren aurrean eskualdeko ehun sozioekonomikoa prestatzea eta indartzea. Hori lortzeko, beraz, saiatuko dira lehen sektoreko eragileekin lankidetzan sakontzen eta industria-poligonoen azterketa espezifikoak gauzatzen, besteak beste.

Informazio gehiago, eta txostenak osorik: HEMEN