Eduki publikatzailea

Atzealdea Klima aldaketaren ondorioak aurkeztu eta aztertzeko saioak antolatu ditu Urola Kostako Udal Elkarteak

• Eskualdeko sektore ekonomikoko eragileei zuzendutako saioak izango dira, klima aldaketak euren negozioetan nola eragin duen, eta eragingo duen, partekatzeko • Lau saio antolatu dira, irailaren 10ean, 11n, 22an eta 23an. Saioetan parte hartzeko izena eman daiteke jada

2025·09·03


Euskal Autonomia Erkidegoan, 1970az geroztik 0,3 °C igo da tenperatura hamarkadako; itsas maila eta itsasoaren gainazaleko tenperatura etenik gabe doa gorantz; uholdeak, suteak, lehorteak… eta nola eragiten du horrek guztiak Urola Kosta eskualdean orokorrean, eta lan munduan zehazki? Bero boladek nola eragiten dute gure industria guneetan? Zein herrik du suteak pairatzeko arrisku gehiago, eta nola eragiten du horrek lehen sektorean?

Galdera horiei erantzuteko Urola Kostako Udal Elkartea aztertzen ari da klima aldaketak eskualdeko sektore ekonomikoan nola eragin duen, eta aurrerantzean ere nola eragin dezakeen. Orain, azterketa hori osatzeko, Urola Kostako sektoreekin saioak antolatu ditu, ikerketaren berri eman eta euren bizipen eta ekarpenak jasotzeko.

Herriz herri bilerak
Lehen aurkezpen saioa Zumaian izango da, hurrengo asteazkenean, irailak 10; eta Orio-Aiako eragileak bilduko dira irailaren 11n. Azken bi saioak Zarautzen eta Getarian izango dira irailaren 22an eta 23an, hurrenez hurren.

  • ZUMAIA. 2025/09/10, 9:00. Alondegia kultur etxea (Moila aretoa).
  • ORIO/AIA. 2025/09/11, 17:30. Orioko Arraunetxea.
  • ZARAUTZ. 2025/09/22, 09:30. Urola Kostako Udal Elkartea.
  • GETARIA. 2025/09/23, 17:30. Zarautz Jauregia.

Ez da beharrezkoa herri bakoitzeko eragileak bere herriko saioetan parte hartzea, beste herrietako hitzorduetara ere joan daitezke, egokiagoa bazaie. Aia eta Orioko eragileei Orioko Arraunetxen batera biltzeko deia egin zaie.

Eskualdeko sektore ekonomikoetako eragileei deia
Ezinbestekoa da, beraz, Urola Kostako sektore ekonomikoetan diharduten eragileen ekarpena, ikerketa eta ondorioztatuko den txostena ahalik eta osatuena izan dadin. Ion Arozena Urola Kostako Udal Elkarteko lehendakariaren esanetan, “garrantzitsua da guztiok kezkatzen gaituen gai hau denon artean aztertzea, eragile, enpresa edota langile bakoitzaren beharrak eta kezkak jasota. Azterketa honetatik abiatuta ikusiko dugu eskualdeko ekonomia sareari nola lagundu diezaiokegun eragina aurreikusi eta egokitzen”.

Saioetan parte hartzeko, eman izena hemen: https://labur.eus/8dsye9kz