Berriak
Atzealdea

Kultura eta Sormen Industrien sektorea suspertzeko, prestakuntza eskaintza zabala irailetik azarora bitartean

Alde batetik, teknologia berriak jardun profesionalean txertatzeko bost prestakuntza-tailer eskainiko dira. Bestetik, bestelako sektoreetan esku-hartzeak egiteko gaituko dira kultura eta sormen alorreko profesionalak

2021·09·14


Azken urteetan, eskualdeko Kultura eta Sormen Industrien (aurrerantzean KSI) sektorea suspertzeko ahalegin berezia egin du Udal Elkarteak. Bide horri jarraiki, irailean hasi eta azarora bitartean, eskualdeko kultura eta sormen arloko eragileentzako prestakuntza eskaintza zabala antola da.

IKT konponbideak, sektorearen zerbitzura

SPRIren “Ekintzaile, Autonomo eta mikroenpresentzat ezarritako IKT konponbideak- Inplantalariak” zerbitzuaren baitan, bost prestakuntza-tailer eskainiko dira. Ekimenaren helburua da KSI alorreko ekintzaileei, autonomoei nahiz enpresa txikiei baliabideak eskaintzea euren jardueretan teknologia berriak ahalik eta etekin handienarekin txertatu ditzaten.

Lan-saio bakoitzean teknologia berrien alorreko alderdi zehatz bat landuko da. Prestakuntza tailer guztiak aurrez aurrekoak izango dira: Urola Kostako Udal Elkartearen egoitza nagusian, goizez, 09:30etik 12:30era. Hauxe da prestakuntza tailerren eskaintza:

IRAILEAN

  • 2021/09/22: TICKET BAI: ezagutu Foru Ogasunak eskuragarri jarri duen doako tresna.
  • 2021/09/29: Kudeaketa Digital Optimizatua: arindu eta sinplifikatu zure zereginak bezeroei zerbitzua eraginkortasun handiagoz eskaintzeko.

URRIAN

  • 2021/10/13: Presentzia aktiboa Interneten: ezagutarazi zeure burua Interneten, iritsi bezero gehiagorengana eta lortu bezeroak fidelizatzea haien beharren araberako programazio digitaleko kanpainak abiarazita.
  • 2021/10/27: Zerbitzuak kanal berrietan saltzea eta eskaintzea: egokitu zure produktuak saltzeko eta zerbitzuak eskaintzeko duzun modua kanal digital berrietara

AZAROAN

  • 2021/11/11: Arindu zure negozioa gailu mugikorraren erabilera adimentsuaren bidez.

Bestelako sektoreetan eragin nahian

Sektore tradizionaletako enpresen eta elkarteen erronkei erantzuteko, bi esku-hartze burutuko dira kultura eta sormen alorreko profesionalen bitartez. Horretarako; aurrez, prestakuntza eskainiko zaie interesa duten eskualdeko artista eta sortzaileei.

Azken bi urteetako esperientzien arrakasta kontuan hartuta, KSI alorra eta bestelako sektore ekonomiko tradizionalak uztartuko dira bi esku-hartze garatzeko. Izan ere, enpresek eta erakundeek beharrezkoak dituzte epe laburrera izan ditzaketen erronkei erantzun egoki bat emateko begirada eta jardunbide berriak. Eta, aldi berean, artista eta sortzaile askok dute beren dohain eta konpetentziak bestelako jardun-sektoreen zerbitzura jartzeko interesa.

Jakina, esku-hartzeak behar bezala burutzeko, ezinbestekoa da prestakuntza. Horregatik, batetik, halako dinamiketan eskarmentua duten artistak eta sortzaileak hautatuko dira; eta bestetik, berariazko prestakuntza eskainiko zaie ekimenean parte hartzeko interesa duten eskualdeko artista eta sortzaileei, etorkizunean erakunde eta enpresetan esku-hartze ez artistikoak eraginkortasunez burutu ditzaten. Prestakuntza bi saiotan gauzatuko da:

Urriaren 18an, KSI alorreko profesionalei esku-hartze prozesuei buruzko formazioa eskainiko da. Saioa Urola Kostako Udal Elkartearen egoitza nagusian egingo da; goizez, 09:30etik 12:30era. Bigarren lan-saioa, berriz, metodologiari buruzkoa izango da eta KSI alorreko profesionalez gain, egitasmoan parte hartuko duten bestelako sektoreetako enpresek ere parte hartuko dute. Bigarren bilera urriaren 25ean egingo da; 09:30etik 13:30era.

Argibideak eta izen-ematea:

Izen ematea Urola Kostako Udal Elkartearen bidez egin behar da. Horretarako, ondorengo datuak beharko ditugu:

  • Enpresaren izena eta IZK      
  • Harremanetarako pertsonaren izen abizenak        
  • E-posta eta Telefonoa

Datu horiek erabiliko dira, soilik, ikastaroen kudeaketarako.

Enpresentzako Zerbitzuak (Eli Uzkudun)

  • Tel. 943 890808,
  • enpresa@urolakosta.eus