Eduki publikatzailea
Atzealdea Mikropreben, laneko arriskuen prebentzioa sustatzeko programak, 11. edizioa egingo du aurten
2024·09·19
Lan-jardunean prebentzioa integratuta izatea ezinbestekoa da enpresaren eta bereziki bertako langileen segurtasuna bermatzeko. Hori horrela, gutxienez pertsona bat kontratatua duten enpresek lan arriskuen prebentzioaren arloko legea bete behar dute. Legea ez betezteak hainbat motatako arau-hausteak ekar litzake: administratiboak, sozialak, zibilak, penalak eta diziplinazkoak.
Prebentzioa antolatzeko, ordea, aukera edo modalitate ezberdinak daude enpresa-jarduera, tamaina eta dituen baliabideen arabera. Ildo horretan, Urola Kostako Udal Elkarteak babesa eskaini nahi die beren eguneroko lan-jardunean prebentzioa integratu nahi duten enpresa txikiei (25 langile arte), eta, horretarako sortua da Microbreben.
Programa egonkorra bezain gomendagarria- 11. edizioa
Urola Kostako Udal Elkarteak 2010. urtetik darama Mikropreben prestakuntza programa eskaintzen, hain zuzen, laneko arriskuen prebentzioa sustatzeko. Orduz geroztik, urtez urte egonkortzen joan den ekimena izan da eta ibilbide emankorra bezain oparoa izan du. Aurtengoa 11. edizioa da, eta, 60 enpresa eta 63 pertsona hartu dute parte.
Aipatu, programa hau enpresa arduradunei zein prebentzioan ardurak dituzten langileei zuzenduta dagoela. Enpresa arduradunen kasuan, programan bitartez beren enpresetan prebentzioaren kudeaketa beregain hartzen ikasiko dute, hau da, beren lan-jardunari dagokion laneko arriskuak identifikatu eta legeak eskatzen duen dokumentazioa prestatu eta lantzeko oinarrizko ezagutzak eskuratuko dituzte.
Aldiz, prebentzioan ardurak dituzten langileen kasuan, kanpo enpresaren bat kontratatuta izanik prebentzioaren kudeaketarako araudia eta ezagutza teknikoa eskuratzeko aukera izango dute.
Mikroprebenek helburu du eskualdeko enpresa txikiei laneko arriskuen prebentzioan oinarrizko ezagutzak eskaintzea, prebentzio arloan legearen eskakizunak betetzea erraztea eta betebeharrak egikaritzeko tresna egokituak eskaintzea.
Horri jarraiki, programa honetan parte hartzen duten enpresek, batetik, prestakuntza teoriko nahiz praktikoa jasoko dute. Ondoren, bakoitzaren enpresako prebentzio plana idatzi eta prestatzerako garaian, laguntza eta aholkularitza jasotzeko aukera izango dute. Era berean, enpresa txikiei egokitutako dokumentazioa eskainiko da, ulerterraza, erabat aplikagarria eta elebitan.
Programaren xehetasunak
Guztira, 30 orduko prestakuntza eskainiko da Urola Kostako Udal Elkartearen egoitza nagusian, urriaren 17tik azaroaren 19ra bitarte. Saioak arratsaldez eskainiko dira, 13:30etatik 16:30etara, 3 orduko 10 saiotan, astearte eta ostegunetan.
Prestakuntza saioetan ondorengo eduki zehatzak landuko dira:
-
Laneko segurtasun eta osasun arloan oinarrizko kontzeptuak
-
Arrisku orokorrak eta bere prebentzioa
-
Arrisku espezifikoak jardueraren arabera eta bere prebentzioa
-
Lan arriskuen prebentzioaren kudeaketarako oinarrizko arloak
-
Lehen sorospena
Informazioa eta izen-ematea:
Ikastaroa doakoa da, eta izena emateko honako galdetegia bete behar da, datorren urriaren 10erako. Plaza kopurua mugatua izanik eskabideak onartzeko izen-emate ordena errespetatuko da.
Informazio gehiago: https://www.urolakosta.eus/documents/378556/0/Mikropreben+2024+eus_gaz+2+%281%29.pdf/849a9ae3-360f-8df5-43e6-345e59023fb1?t=1726742422495