Eduki publikatzailea
Mikropreben prestakuntza programak 10. edizioa egingo du aurten, laneko arriskuen prebentzioa sustatzen
2023·09·28
Lan-jardunean prebentzioa integratuta izatea ezinbestekoa da enpresaren eta bereziki bertako langileen segurtasuna bermatzeko. Hori horrela, gutxienez pertsona bat kontratatua duen enpresak lan arriskuen prebentzioaren arloko legea bete behar du; kontraz, mota ezberdinetako hainbat arau-hauste egitera eraman dezake enpresaburua; hala nola, arau-hauste administratiboak, sozialak, zibilak, penalak edota diziplinazkoak.
Prebentzioa antolatzeko, ordea, aukera edo modalitate ezberdinak daude enpresa-jarduera, tamaina eta dituen baliabideen arabera. Ildo horretan, Urola Kostako Udal Elkarteak babesa eskaini nahi die beren eguneroko lan-jardunean prebentzioa integratu nahi duten enpresa txikiei (25 langile arte) eta horretara zuzenduta dago, hain zuzen, Mikropreben prestakuntza programa.
Programa egonkorra bezain gomendagarria- 10. edizioa
Urola Kostako Udal Elkarteak 2010. urtetik darama Mikropreben prestakuntza programa eskaintzen, hain zuzen, laneko arriskuen prebentzioa sustatzeko. Orduz geroztik, urtez-urte egonkortzen joan den ekimena izan da eta ibilbide emankorra bezain oparoa izan du.
Aurtengoa 10. edizioa da eta orain arte, 58 enpresa eta 60 enpresa-ordezkarik hartu dute parte.
Aipatu programa enpresa arduradunei zein prebentzioan ardurak dituzten langileei zuzenduta dago, betiere 25 langile baino gutxiagokoa bada. Enpresa arduradunen kasuan, programan bitartez beren enpresetan prebentzioaren kudeaketa beregain hartzen ikasiko dute, hau da, beren lan-jardunari dagokion laneko arriskuak identifikatu eta legeak eskatzen duen dokumentazioa prestatu eta lantzeko oinarrizko ezagutzak eskuratuko dituzte.
Aldiz, prebentzioan ardurak dituzten langileen kasuan, kanpo enpresaren bat kontratatuta izanik prebentzioaren kudeaketarako araudia eta ezagutza teknikoa eskuratzeko aukera izango dute.
Mikroprebenek helburu du eskualdeko enpresa txikiei laneko arriskuen prebentzioan oinarrizko ezagutzak eskaintzea, prebentzio arloan legearen eskakizunak betetzea erraztea eta betebeharrak egikaritzeko tresna egokituak eskaintzea.
Horri jarraiki, programa honetan parte hartzen duten enpresek, batetik, prestakuntza teoriko nahiz praktikoa jasoko dute. Ondoren, bakoitzaren enpresako prebentzio plana idatzi eta prestatzerako garaian, laguntza eta aholkularitza jasotzeko aukera izango dute. Era berean, enpresa txikiei egokitutako dokumentazioa eskainiko da, ulerterraza, erabat aplikagarria eta elebitan.
Programaren xehetasunak
Guztira, 30 orduko prestakuntza eskainiko da Urola Kostako Udal Elkartearen egoitza nagusian, urriaren 17tik azaroaren 23ra bitarte. Saioak arratsaldez eskainiko dira, 13:30etatik 16:00etara, 2,5 orduko 12 saiotan, astearte eta ostegunetan.
Prestakuntza saioetan ondorengo eduki zehatzak landuko dira:
- Laneko segurtasun eta osasun arloan oinarrizko kontzeptuak
- Arrisku orokorrak eta bere prebentzioa
- Arrisku espezifikoak jardueraren arabera eta bere prebentzioa
- Lan arriskuen prebentzioaren kudeaketarako oinarrizko arloak
- Lehen sorospena
Informazioa eta izen-ematea
Izena emateko honako galdetegia bete behar da, datorren urriaren 9rako. Plaza kopurua mugatua izanik eskabideak onartzeko izen-emate ordena errespetatuko da.
Ikastaroa 100% finantzatuta dago eta Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeak 2023an langile autonomoen artean laneko arriskuen prebentzioari buruzko prestakuntza sustatzeko bultzatzen duen programaren barruan kokatzen da.
Informazio gehiago jasotzeko, idatzi iezaguzu edo jarri harremanetan telefono bidez:
Urola Kostako Udal Elkartea
- Tel. 943 890808
- enpresa@urolakosta.eus (Rakel Calvo)