Eduki publikatzailea

Ondorengotzaren alorrean eskualdeko enpresen errealitatea eta beharrak ezagutzeko galdetegia prestatu du Urola Kostako Udal Elkarteak

Galdetegia eskualdeko enpresa txiki, ertain zein mikroenpresen enpresaburu eta negozio jabeei zuzenduta dago eta “Enpresen jarraipenerako beharren detekzio goiztiarra” egitasmoaren baitan kokatzen da. Galdetegia egitasmoaren abiapuntua da, emaitzak oinarri hartuta, eskainiko den prestakuntza eta banakako esku-hartzeak enpresen beharretara egokitutakoak izan daitezen eta horiei erantzuna eman diezaieten.

2023·02·14


Urola Kostako Udal Elkarteak, eskualdeko enpresen iraunkortasunaren eta jarraipenaren aldeko apustuan, "Enpresen jarraipenerako beharren detekzio goiztiarra" egitasmoa du martxan, datozen urteotan (10-12 urteko epearen baitan) erretiroa hartuko duten enpresa ertain, txiki edo mikro-enpresen buru zein negozio jabeei zuzenduta, baita erretiroaz gain beste edozein arrazoirengatik enpresa lehiakorrak transmititzeko asmoa duten enpresariei zuzenduta ere, edozein delarik horien alor ekonomikoa.

Egitasmo hau "Berriz enpresa" eta "Jarraipena" programen osagarri da eta helburu du eskualdeko enpresaburu eta enpresa jabeen erretiroak ahalik eta kalterik txikiena eragitea eskualdeko ekonomian eta, horrekin batera, erretiro horien eraginez eskualdeko enpresetako lanpostuak ez suntsitzea eta enpresa-sarean eragin negatiborik ez izatea. Era berean, programa honen bitartez eskualdeko enpresen errotzea edota lehiakorrak diren eskualdeko enpresek ekintzaileei bide berri errentagarriak eskaintzea bilatu nahi da.

Ekimena abiarazteko eta enpresen errealitate zein beharrak ezagutzeko galdetegia

Urola Kostako Udal Elkarteak ondorengotza alorrean eskualdeko enpresen egungo egoera eta beharrak ezagutu nahi ditu, “Enpresen jarraipenerako beharren detekzio goiztiarra” egitasmoaren baitan eskainiko den prestakuntza eta banakako esku-hartzeak, behar horietara egokituak izan daitezen.

Horretarako, egitasmoaren oinarri eta abiapuntu gisa, ondorengotza edo eskualdatze prozesuen atarian dauden eskualdeko enpresa txiki, ertain zein mikroenpresen enpresaburu eta negozio jabeei zuzendutako galdetegia garatu du, erantzun horietan oinarrituta, prestakuntza eta arreta pertsonalizatua eskaini ahal izateko.

Behin emaitzak jasota, Udal Elkarteak horietan oinarrituta eskainiko die enpresa interesdunei haien ondorengotza beharrei egokitutako programa. Horri jarraiki, “Enpresen jarraipenerako beharren detekzio goiztiarra” egitasmoak enpresek beren jarraipenerako behar dituzten sustapena eta laguntza era integralean eskainiko ditu eta lau atal edo fasetan garatuko da: ondorengotza edo eta transmisio prozesu bati aurre egin beharko dioten enpresen identifikazioa; ondorengotza/transmisioak denborarekin planifikatzeko beharraren sentsibilizazioa; prestakuntza; banakako esku-hartzeak; eta eskualdatzean interesa izan lezaketen enpresen eta ekintzaileen arteko zubi-lana, besteak beste.

Hori horrela, Udal Elkarteak , datozen urteotan (10-12 urteko epearen baitan) erretiroa hartuko duten enpresa ertain, txiki edo mikro-enpresen buru zein negozio jabeei prestatutako galdetegia betetzeko gonbita luzatzen die, modu horretara, haien errealitatea ezagutu eta beren beharretara egokitutako egitasmo eta arreta eskaintzeko.

Inkesta esteka honetan bete daiteke.

Egitasmo hau Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapeneko, Turismoko eta Landa Inguruneko Departamentuak finantzatzen du, Eskualdeak 2022 programaren baitan.

Argibideak eta informazio gehigarria

Informazio gehiago jasotzeko, edota ekimenean izena emateko, idatzi iezaguzu e-mail bat edo jarri harremanetan telefono bidez:

Enpresentzako Zerbitzuak (Eli Uzkudun)

  • enpresa@urolakosta.eus
  • Tel. 943890808