Eduki publikatzailea
Atzealdea Ongi Etorri Euskararen Herrira, euskara eta turismoa uztartzen dituen egitasmoa aurkeztu dute Fitur turismo azokan
2026·01·22

Urola Kostako ezaugarri azpimarragarrienetako bat da euskara, eta haren balioa nabarmendu nahi izan dute gaur Fitur turismo azokan (Madril) egindako Ongi Etorri Euskararen Herrira egitasmoaren aurkezpenean. Euskarak turismoari eman diezaiokeen abantailaren inguruan mintzatu dira aurkezpenean Ion Arozena Eizagirre Urola Kostako Udal Elkarteko lehendakaria; Jakes Agirrezabal Iribar, Eusko Jaurlaritzako Turismo eta Merkataritzako sailburuordea; eta Azahara Domínguez Urtizberea, Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako diputatua.
Ongi Etorri Euskararen Herrira egitasmoa 2020an sortu zen, Urola Kostako herriek ikusi baitzuten euskararen aldagaia txertatzeko beharra turismoaren inguruko errelato eta ekintzetan; hizkuntza kanpotik etorritakoentzat balio erantsia zela ikusarazteko, bai bisitariei eta baita bertako eragileei ere. Urola Kostako Udal Elkarteak hartu zuen, eskualdeko bost herriekin batera -Aia, Orio, Getaria, Zumaia eta Zarautz-, lanketa garatzeko ardura. Udaletako euskara eta turismo sailen arteko elkarlan berritzailea ekarri du proiektu honek, gainera.
Ion Arozena Udal Elkarteko lehendakariaren esanetan, egitasmoaren helburua “euskarari turismo eskaintzaren barruan merezi duen lekua ematea da, besteak beste: euskara eskualdera datozenekin partekatuz, eta erabiltzeko gonbitea eginez”.
2020tik hona ekimenak egin du bere bidea: euskarriak, kanpainak… oro har bisitariek “harrera bikaina” egin diete egitasmoari, asko eskertu baitute euskaraz hitz batzuk ikastea eta “apur bat bertakoak” sentitzea. Gainera, euskararen gaineko begirada berria ekarri die eskualdeko ostalari eta komertzioetako langileei, ikusi baitute euskara aktibo ekonomikoa eta bereizlea izan daitekeela.
Ekimen berritua
Baina, ekimenak berritzeko beharra izan du. Eta 2026an kanpaina berritua aurkeztu dute. Horretarako, “irudia berritu diogu: freskoagoa da orain, jendea erdigunean jarrita”, azaldu du Arozenak; “koloreak bizitu dira, eta esaldi erabilgarriak txertatu dira, eskerrik asko, ongi etorri, kaixo…, euskara ez dakitenek ere erabili ditzaten”, gaineratu du UKUEko lehendakariak.
Mezu argiak zabaltzen ditu ekimenak: bisitariak euskara ezagutzera, gure kulturara hurbiltzera eta bertako jendearekin harremanetan jartzera gonbidatzen ditu, “esperientzia osoago batez goza dezaten”.
Baina mezu guztiak ez dira bisitan etortzen direnentzat, izan ere, ekimen honek bertakoei euskara erabil dezaten eskatzen die, “bai bertakoekin, baita bisitariekin, turistekin eta mundu osotik etorritako jendearekin ere”, azpimarratu du Arozenak; izan ere, horixe baita iritsi berriek bilatzen dutena: kultura baten egiazkotasuna, bere hizkuntzarekin batera.
Euskara turismoan ezinbesteko elementua
Aurkezpenean parte hartu du, Ion Arozenarekin batera, Jakes Agirrezabal Eusko Jaurlaritzako Turismo eta Merkataritzako sailburuordeak. Gaur egun turistak erakartzeko “desberdina eta benetakoa” izatea garrantzitsua dela aipatu du Agirrezabalek. Haren hitzetan, “nortasun propioa duten lekuen bila ibiltzen gara. Horrela izanik, ez dago euskara baino benetakoago, desberdinago eta paregabeago egiten gaituenik, gure nortasunaren oinarria da eta partekatzeko eta ezagutzera emateko irrikan gaude”. Agirrezabalek gaineratu du, “euskara mila istorio, gertakizun eta kondairaren haria” dela, eta edonori “aztarna paregabe bat” betirako uzteko aukera paregabea.
Azahara Domínguez, Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako diputatua ere Ongi Etorri Euskararen Herriraren aurkezpenean izan da. “Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako departamentuan benetakotasunean, sustraietan eta kultura bizian oinarritutako turismoan sinisten dugu. Gure bereizgarriei balioa ematen dien turismoa, ez azalekoan geratzen dena, baizik eta esentzian sakontzen duena. Eta zentzu horretan, euskara gure altxorrik handienetako bat da”, adierazi du Azahara Domínguez diputatuak. “Gure paisaia naturalak, mendiak, hondartzak eta hirigune historikoak zaintzen ditugun bezala, euskara baliabide turistiko gisa zaindu nahi dugu: bisitatzen gaituztenekin partekatu eta bizi nahi dugu, gure hizkuntza gure eskaintza turistikoaren parte gisa ezagutaraztea ez baita soilik euskara baloratzeko modu bat, euskara zaintzeko ere balio du", gaineratu du.
Bertakoak ere egitasmoaren hartzaile
Turismoaren alorrean euskara erabiltzeak bertako eragileei ere eragiten die. Izan ere, ezinbestekoa da eskualdeko establezimenduek euskara erabiltzearen garrantziaz jabetzea. Hori horrela, Ongi Etorri Euskararen Herrira egitasmoaren barruan, Urola Kostako bost herrietako taberna, denda eta bestelako establezimenduetan bisitak egitea aurreikusten da. Ion Arozenak azaldu duenez, “dendari eta tabernariei jakinarazi behar zaie euskara erabiltzeak balio erantsia emango diola beren negozioei; turistek benetakoa den esperientzia bizi nahi baitute Urola Kostara etortzen direnean; eta noski, eskualdeko herritarrak erosoago sentiarazteko modua ere ematen du euskararen presentziak”.
Aipatu bisitetan, egitasmoaren mezuak emateaz gain, euskararen egoeraren jasoketa ere egingo dute: lekuz leku hizkuntza paisaia, erabilera eta beharrak aztertuz.